
Igartubeiti Baserri Museoak eta San Telmo Museoak Galbahe ikerketa eta dibulgazio bekaren lehen edizioa deitu zuten otsailean. Deialdiaren helburua ondare etnografikoari buruzko dibulgazio-proiektuak garatzen laguntzea da, ondare horren gizarteratzea sustatzeko.
Bekak, euskal kulturaren aztarna materialak berrinterpretatzen eta begirada eta diskurtso berriak formulatzen baita ondare eta herentzia hori zabaltzen ere lagundu nahi du. Bekak sei hilabeteko iraupena izango du eta ekaina eta azaroa bitartean garatuko da.
Bada, Miriam Montano de Juanek eta Telmo Sánchez Ugaldek lortu dute Galbahe Beka.
Ikerketa-proiektu honek “erleen eta euskal landa-bizimodu tradizionalen arteko harreman historiko-kultural konplexua aztertuko duen erakusketa-instalazio eskultoriko eta etnografiko bat garatzea proposatzen du. Erakusketaz gain, zianotipia, idazketa kolektibo eta entzuketa tailerra eta kartografia bisual eta poetikoa biltzen duen argitalpena ere hartuko ditu proiektuak. Egitasmoak euskal ondare etnografikoa berrinterpretatzea du helburu, bi museoetako bildumen bitartez, erlezaintza, heriotza, argizaria eta hitzaren inguruko praktika sinbolikoak berraktibatuz”.
Bi ikerlarien esanetan, “erleak baliabide-iturri izateaz gain (eztia, argizaria, polinizazioa,…) solaskide sinboliko ere izan dira, baserriko bizitzaren zati aktibotzat jotzen zituen kultura-egitura baten barruan. Ikuspegi horretatik, proiektua bat dator Donna Harawayren pentsamenduarekin, bereziki “ahaideak egiteko” [making kin] proposamenarekin, gizakiaz harago, erleengan aliatu ekologikoak ez ezik, lagun afektiboak, memoria-eramaileak eta beste mundu-forma batzuk eraikitzeko subjektuak ere aitortuz”.
Sinbolikoaren eta biologikoaren, erritualaren eta sentsorialaren arteko sinkronia da proiektu honen muinetako bat.