MUSIKA

Larregi taldeak “Pantomima” diskoa aurkeztu du

Larregi Lemoako laukoteak Pantomima (Baga Biga) izenburuko lana aurkeztu zuen atzo. Azkue Fundazioak antolatutako Banden Lehiaren irabazleak izan ziren iaz, eta garaipen horren emaitza atzo aurkeztutako bigarren lana da.

Pantomima 2015eko apirila, maiatza eta ekainean grabatu eta nahastu du Haritz Harreguy teknikariak Usurbilgo Higain estudioan. Masterizazioaz, berriz, Juan Hidalgo arduratu da, Madrilgo Master Tips estudioan. Diseinua Bea Sierrak egin du, eta kolaboratzaileen artean, Iban (MG Banda), teklatuak eta organoa sartu dituena Eroalea eta Ostruka abestietan eta Pello Artabe (Eskean Kristö) ahotsa Toxikoa abestian daude.

Baga Biga diskoetxearen arabera, “diskoak rock estiloa erabiliko du nabarmen, baina punkaren hurbilpenak badu lekua, pop-rockak eta hard-punkak duten bezala”. Halere, horien artean, punk melodikoa nagusitzen da.

Horretaz gainera, neurri batean, disko kontzeptuala ere bada, doinuen hitz gehienak itxurakeriaren ingurukoak baitira: “Norbanakoaren, jendartearen gezur ezkutu edo agerikoa, maskara, ustelkeria, faltsukeria, itxurakeria (agerikeria), mozorro zitala, nabarmenkeria, gehiegikeria, handikeria, lerdokeria”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button