EMAKUMEA

Emakume migratuak aintzatesteko

Bilboko Udalak Bilboko emakume migratuen aintzatespenaren V. edizioaren deialdia ireki du. Ekimen hori Immigrazio Gaietarako Bilboko Kontseiluaren esparruan sustatzen da. Lehiaketa honek 6 kategoria ditu, eta haren helburua da jatorri eta/edo etorki migratzaileko emakumeak hiriko bizitza sozial eta publikoan duen presentzia aitortzea, hainbat alorretan egiten duten ekarpena ikusaraztea, eta aniztasuna aitortzeko eta erreferentzia izateko agertokiak kokatzea.

Emakume zientzialarien kategoria gehituko zaie ohiko kategoriei aurtengoan (komunitateko eragile diren emakumeak, emakume ekintzaileak, emakume politikariak, emakume artistak eta emakume gazteak). Edizio honetan, emakume zientzialarien kategoria gehitu da, ikerketaren, akademiaren eta garapen zientifikoari lotutako beste espazio batzuen alorrean funtsezko ekarpenak egiten ari diren emakumeak ikusarazteko.

Gainera, berariaz kendu da giza eskubideen defendatzaile diren emakumeen kategoria; horren ordez, giza eskubideen ikuspegia hautagaitza guztien puntuazioan txertatuko da, modu transbertsalean. Horrela, ikuspegi horri garrantzia emango zaio, eta Bilboko Udalak Hirian Giza Eskubideak Babesteko Agiriarekin bat egitearen konpromisoa indartuko da.

Bost urtez garatzen ari den proiektu horri dagokionez, Kontxi Claver Berdintasun, Bizikidetza, Lankidetza eta Immigrazioko zinegotziak nabarmendu duenez, “berdintasuna eta inklusioa sustatzen ditugu, eta, aldi berean, gure hirian dagoen aniztasuna aitortzen dugu. Udal gisa, garrantzitsua da emakume migratzaileen ekarpena ikusaraztea, eremu guztietan “. Era berean, Kontxi Claverrek azpimarratu du horrelako ekimenak oso garrantzitsuak direla gizarte- eta kultura-kategorietan oinarritzen diren bazterkeria- eta diskriminazio-moduak ulertzeko eta haien aurka borrokatzeko, hala nola generoa, etnia, hizkuntza, klasea, dibertsitate funtzionala, orientazio sexuala, genero-identitatea eta/edo identitate sexuala, erlijioa, adina, nazionalitatea, hezkuntza-maila…

Hautagaitzak bi modutan aurkez daitezke. Alde batetik, entitate, elkarte, fundazio koordinatzaile, federazio, enpresa, ikastetxe eta abarren bidez. Eta, bestetik, nork bere hautagaitza aurkeztuta. Kasu honetan, hautagaitza emakume migratzaileak berak aurkeztuko du, baldintzak betetzen dituela uste badu; hautagaitza zein kategoriatarako aurkezten duen adierazi beharko du (kategoria bakarra proposa dezake). Hautagaitza-modalitate honetan, beharrezkoa izango da bi entitateren abalak aurkeztea.

Hautagaitzak abenduaren 15era arte aurkez daitezke; on-line baino ezingo dira aurkeztu, Bilboko Udalaren web-orriaren bidez.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button