EZLEKUBAT

Xarma taldea: “Egunerokotasunean musikarekin bizitzeaz konformatzen gara”

Joshua, Jon Kirru, Chistian eta Itsaso musikariek osatzen dute Xarma taldea. Proiektu musikal honek Amaraunak izeneko lana plazaratu du duela gutxi, nahiz eta joan den urteko abuztuan grabazioak egin zituen.
Euskal Herrian hasi zuten bira txiki bat 2009an, Alemanian bukatu zutena. Uda horretan Tolosako Bonberenea estudioan lehen iraupen luzeko diskoa grabatzen hasi ziren Karlos Osinagan gidaritzapean. Emaitza Amaraunak izeneko diskoa izan zen. Rocka oinarri duten abiadura anitzeko 12 abesti aurkitu daitezke. Abesti hauetan rocka ez-ezik metal eta pop zertzeladak ere aurkitu daitezke, gai intimistak zein kritika sozial eta politikoa zorrotza egiten duten hitzak oinarri dituztelarik.

Nola eratu zen taldea? Uste dut zuetariko batzuk Keike taldean jotzen zenutela…
2008 urtearen bukaeran, KEIKE taldearen azken kontzertuak ematen ari ginen. Itsaso ( ia 10 urtez Jauko Barik taldeko abeslari eta gitarra-jolea) eta biok (Kirru), urteetan kutxa beltzean gordeta genituen abestiei forma ematen hasi ginen zerbait egiteko asmoz. Josuah bateria-jolearekin Berrizko gaztetxean 10 bat entsegu egin eta  5 abestiko maketa grabatu genuen Ondarruko Santos Records estudioan. Gure lehen kontzertuarekin Bilvobisioneko hirugarren saria eskuratu genuen eta ondoren, EHan kontzertu batzuk eman ondoren Alemaniarako bidaia egin genuen, Berlinen eta Hamburgon kontzertu batzuk eskainiz. Handik bueltan gure lehen diskoa denaren prestaketa lanetan hasi ginen eta oraintxe kaleratu berri dugun Amaraunak izeneko diskoa da emaitza.



Diskoaren soinua sendoa da. Nolakoa izan da grabazio prozesua?

Diska Tolosako Bonberenean grabatu dugu eta Karlos Osinaga maisua ( jada laguna) izan dugu teknikari. Diskoak nahiko soinu gordina du eta taldearen soinua eta izaera ondo islatzen duela deritzot. Grabazio prozesuan Karlosen proposamenenganako jarrera irekia izan dugu eta emaitza behin ikusita, denon artean lan txukuna egin dugula uste dut. Aipatzekoa eta txalogarria ere bada, Bonbereneako jendeak gu etxean bezala sentiarazi gaituela, egunero musu-truk egiten dute lana.

Estudiora joan baino lehen lokalean lan asko egin duzue?
Ez gara asko entseatzen duen taldea eta ezta ere kantuei buelta asko ematen dien taldea ere. Grabazioa baino hilabete lehenago (azken txanpan) zintzilik zeuden abesti batzuei ukitu batzuk eman eta estudiora abiatu ginen. Egia esan, hizkiren bat ere estudioan egin behar izan genuen… je je.

Nolako harrera izan du diskoak, atera berria den arren.
Bada, diskoa kaleratu dugunetik ez dugu kontzerturik eman. Beraz ezin dizut esan diskoak ze harrera izan duen. Udazkenean, buru-belarri kontzertuak ematen hasiko gara, jada jendeak diskoa entzunda duenean. Dena den, esan behar dugu, nabari dugula gure kontzertuetara geroz eta jende gehiago hurbiltzen dela eta gu ere gero eta erosoago sentitzen garela oholtza gainean.

Uste dut zuen diskoa autoekoizpena dela. Azken boladan talde askok egin dute hautu hori. Zuena erabaki pertsonala da ala diskoetxeek bizi duten egoera txararen ondorioa?
Duela aspalditik nabaritzen dugu, musika eta musika taldeak krisian egon ez arren, musikaren industria bera krisian dagoela. Egia esan, ez genuen gure musika produktu bat bailitzan diskoetxeetako ateak jotzen ibiltzeko gogo gehiegirik. Guk gure buruarengan eta egiten dugun musikarengan konfiantza daukagu. Abestiak genituen, diseinua ere, grabazioko gastuak guregain joan dira…zein zentzu dauka, lan hori guztia egin eta gero diskoetxe baten bila hasteak? Diskoetxeentzat ere ez da erraza izan behar ezezaguna den talde baten aldeko apustua egitea eta hori ulertzekoa da. Dena den, nahiz eta neketsuagoa izan, norberak ereindako eta zaindutako tomateek beti dute zapore goxoagoa. Supermerkatukoek beharbada itxura hobea dute baina norbere uztako tomateek beste zapore bat dute,  beste xarma bat, alegia.

Honako hau irakurri dugu sarean: “Xarma taldeak urteko ezustekoa izan daitekeen diskoa sinatu du: Amaraunak”. Zer irizten diozue baieztapen horri?
Bada, egia esan behar badizut sorpresa atsegina izan da. Dena den   “urteko ezustea” izan daitekeela esatea gehiegizkoa iruditzen zait..je je…Taldeak kontzertuak emateko aukera izatearekin konformatzen gara.

Zuena, pop kutsu handia duen rocka dela esan daiteke. Ados zaudete?
Ez dut uste pop-aren eragina hain handia denik ere. Zertzelada batzuk aurkitu daitezke diskoan. Beharbada, nire ustez, egokiagoa izango litzateke “pop-aren eraginen bat duen rock taldea” garela esatea.

Zeintzuk dira zuen talde kuttunak, eragina dira zuen proposamenean?
 Hemengo nahiz kanpoko musika entzuten dugu. Hemengoen artean aipatzekoak dira Dut, Pilt, Berri Txarrak, Zea Mayz, Sharon Stoner, BAP, Governors, Uek… Kanpokoen artean, QOTSA, Fugazi, Audioslave, Faith No More, Pear Jam, Stone Temple Pilots, Ben Harper,…entzuten dugun taldeen eragina sumatzen dela uste dut.

Euskal Herriko rock panorama nola ikusten duzue? Eta Ondarrukoa?
Duela pare bat urtetik hona Beizaman bizi gara Itsaso eta biok eta Christian eta Froufe Berrizen. Beraz, Ondarruko giro musikala nola dagoen esateko ez daukat irizpide nahikorik. Dena den, EHan, azkenaldian, aurreko urteetan baino dexente kontzertu gutxiago antolatzen direla iruditzen zait. Jendeak, makro-kontzertu eta horrelakoetara joateko gero eta ohitura handiagoa dauka. Hala ere, EHan dugun musika talde kopurua oso handia da, beste leku batzuekin alderatuz gero.

Zeintzuk dira zuen etorkizuneko planak?
Epe laburrera,  udazkenean kontzertuak ematen buru belarri hastea da gure asmoa eta nahia. Jada abesti berri batzuk ere egin ditugu baina oraindik goizegi da bigarren diskoaz hitz egiteko. Orain, egindako lanaren fruituak jasotzea da gure asmoa, musikaz gozatzen jarraitzea eta egun daukagun ilusioari eustea, alegia. Badakigu ez dugula musikatik bizimodua aterako. Egunerokotasunean musikarekin bizitzeaz konformatzen gara.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button