ARTEA

“Jutta Koether. Black Place” erakusketa ikusgai Artiumen

Gasteizko Artium Euskal Arte Garaikidearen Museoak Black Place erakusketa inauguratu du gaur. Jutta Koether artista alemaniarraren erakusketak 1987an hasi eta gaur egun arteko ibilbideko lanak biltzen ditu, museoko proiektu honetarako propio egindako obra batekin batera.

Jutta Koether (Kolonia, 1958) artista, idazle eta musikariari eskainitako erakusketa pinturan oinarritzen da. Bere lanetan, berriro formulatzen ditu Artearen Historiako kode asko, eta artistaren ikuspegi feministak gainditu egiten ditu pinturaren mugak eta margolaritzaren inguruko aitortza zein zilegiztatze prozesuak. Artistak, bere ekoizpenaren bitartez, “ezarritako kontakizunak interpelatzen ditu, aipuak, jabetzeak eta `gaizki-ulertuen potentziala´ baliatuta”. Bere iritziz, “bitarteko hori aproposa da arte praktika feministarako”.

Black Place erakusketan bildutako lanak era askotako formatutan eta materialekin daude eginda. Batetik, mihise handiak daude. Halakoetan, Boticelli, Rubens eta enparauen obrez jabetzen da Koether, ikuspegi feminista batetik. Bestalde, formatu txiki eta ertaineko obrak ere biltzen ditu euskarri ezberdinetan, bestelako material batzuk baliatuz. Beste hauetan aldiz, pintura tradizionalaren mugak gainditu nahi ditu, DIY korrontearen eta punkaren eraginpean.

Nahiz eta artearen historia Koetherren praktikako subjektu bat izan den, bere lanetan testuak sartzeko bideak ere hartu ditu. “Bere lehen obretatik argi ikusten da arreta eskaini nahi diela herri kulturako adierazpenei, beste auzi historiko batzuei eta pintura eraikitzeko logikari berari ere”.

Laurogeiko hamarkadaren hasieratik, Jutta Koetherren arte praktika pinturan oinarritu bada ere, idazketak, performanceak eta musikak ere zeharkatu dute bere ibilbide artistikoa. Praktika horiei esker, arte historiografiaren diziplinari kontra egin nahi izan dio, eta bere genealogia propioak bilatu. Koetherrek praktika feministarako, arte lana aldarrikatzen du.

Erakusketaren harira, Artium Museoak argitalpen bat osatuko du. Hala, erakusketaren komisario Beatriz Herraezen eta Catalina Lozanoren testuak plazaratuko dituzte, eta Jutta Koether beraren eta Peio Aguirre komisario independente eta idazlearen arteko elkarrizketa bat ere.

Informazio gehiago duzue artium.eus webgunean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button