LITERATURA

Baitako oinazearen eta sufrimenduaren erradiografia

Zetakak izenburua daraman poema liburu berria argitaratu berri du Aritz Mutiozabal idazleak Maiatz argitaletxearekin. Honako hau bere hirugarren poemategia da Baionako lagunekin plazaratzen dituena.

Idazleak hala deskribatu bere poesiaren oinarria eta zergatia: Nire poesia barrua erretzen didan ezin egonaren isla da. Nire baitako oinazearen eta sufrimenduaren erradiografia. Bulkada zuri-beltzak, trantze gisa kanporatuak, ordenagailuko teklak zanpatuz eta pantailan lerro minak idatziz. Horrela izan da literaturarekin lardaskan hasi nintzenetik: pozetik baino errazagoa zitzaidala tristuratik edo haserretik idaztea. Hasieran terapia moduko ariketa bihurtu nuen, eta pixkanaka lehiaketak, sariren bat eta lehen publikazioak etorri ziren. Baina minak hor jarraitzen zuen, sufrimendua ene baitan zegoen: zetaka bat neukan ariman eta poesia idatzita bakarrik ezin nuen garbitu.

Bospasei urte pasatu dira harrezkero, eta Zetakak poemategi honetan jasotzen diren olerkiak nire bizitzako sasoi ilun horretan idatzi nituen. Helduleku moduko zerbait izan ziren: denboralea sartzen denean, itsasontzi handien artean nola hala atrakatzen duen txalupa txikia bezala. Gerora, azken urteetan, berridatzi, moldatu eta zorroztu egin ditut hasieran zuten gehiegizko ezkortasuna eta izaera etsia nolabait ere baretzeko. (…)

Zetakak hiri paisaian sarri ikusten diren graffiti koloretsuak dira, hormetan ageri diren marguldutako pintada polititikoak, obra baten ostean garbitu gabe utzitako zementuzko isuriak, kontzertu nahiz ekitaldi kartelez beterik dagoen adreiluzko horma zaharra… Eta poema liburu hau hori ere bada. Izan ginenaren eta egun garenaren atzera begirako bat.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button