LITERATURA

Ez gara dena ahazteko nahikoa biziko

Galbahe taldeak Ez gara dena ahazteko nahikoa biziko diskoa aurkeztuko du abenduaren 19an, 21:30ean, Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean.

Galbahea liburua (Susa) Gotzon Barandiaranek argitaratu zuen joan den urtean. Egileak aurkezpen egunean esan zuenez, belaunaldikideekin sortutako elkarrizketa bat irudikatzen du liburuak, eta maitasuna du oinarri nagusi:  “Maitasunaren hariak lotu ditut, eta hormarik gabeko etxe baten moduan eraiki dut liburu hau”. Tartean galdera asko: “Zer da ezinbestekoa? Zer da beharrezkoa? Zer da atseginerako? Zer hutsala? Ziklo edo aro baten amaieran, hasiera berri baten atarian, nor gara gu? Zeri eman diogu garrantzia? Zer gorde dugu aldean? Zer baztertu? Eta batez ere, zergatik? Neure burua galbahetu, eta gaur, orain, hemen zer naizen argitzen saiatu naiz”.

Literaturia jaialdian, Galbahea. Ez gara dena ahazteko nahikoa biziko zuzeneko emanaldian aurkeztu zuen jendaurrean. Mariana Blanco eta Uxue Garcia bibolinjoleak, Lander Bilbao eta Rafa Rueda gitarjoleak eta Urdin Baraiazarra mandolinajolea izan zituen oholtzakide Barandiaranek.
Galbahea liburuko poemak entzuteko eran grabatu zituen Barandiaranek, belaunaldikide eta euskarazko literatur eta musikagintzan lanburkide dituenekin elkarrizketa betean. Audio-liburu horretan Ainara Lasa, Josu Landa, Juanra Madariaga, Uxue Alberdi, Harkaitz Cano, Iraia Etxebeste, Jose Luis Otamendi, Itziar Ugarte, Oier Guillan, Andoni Tolosa Morau, Leire Lopez Ziluaga, Mikel Elorza, Iratxe Retolaza, Itxaro Borda eta Gorka Urbizuk errezitatu zituzten poemak. Imanol Ubedak poema bat kantatu zuen. Horrez gain, Lander Bilbaok hiru ahaire sortu zituen, liburuaren soinu-banda gisa.

Orain, diskoa aurkezteko tenorea heldu da. Barandiaranez gain, Lander Bilbao (ahotsa, gitarra), Mariana Blanco (biolina), Rafa Rueda (baxua, gitarra, teklatuak), Urdin Baraiazarra (mandolina) eta Uxue Garcia (biolina) musikariek osatzen dute Galbahe taldea. Mungiako Larrabizker estudioan grabatu zuten diskoa aurtengo ekainean hasi eta urriaren amaiera bitartean. Taldekideekin batera, hainbat musikarik kolaboratu dute diskoan: Amets Aranguren, Gaizka Sarasola, Gorka Urbizu eta Maia Iribarne.

Beraz, “Galbahea poema liburu baten izena da, Galbahe, berriz, musika talde sortu berriarena, eta Ez gara dena ahazteko nahikoa biziko Galbahe taldearen lehen diskoaren izenburua”.

Bihar, Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean duzue zita, 21:30etik aurrera.

Show More

Related Articles

Back to top button