LITERATURA

"Fahrenheit 451" liburua euskaratu du Txalapartak

Bibliodibertsitatearen egunaren harira, Editore Independeteen Nazioarteko Aliantzak zerbait egitea proposatu zien kide diren argitaletxeei. Hala, Txalapartak egoki ikusi du gaur Fahrenheit 451 liburuaren euskarazko bertsioa aurkeztea, "aproposena zen", esan su Sotok. Editoreari "harrigarria" iruditu zaio nobela hau hain ezaguna ez izatea, "uste baino jende gutxiagok ezagutzen du". Itzulpena, halaber, zergatik egin duten argitu du editoreak: "itzulita ez zegoelako". Izan ere, Bradbyuryren idazlanak, Bai mundu berria (Aldous Huxley) eta 1984 (George Orwell) obrekin batera XX. mendeko distopien trilogia osatzen dute.

Hori liburu horietan kontatzen dena neurri handi batean bete egin dela esan du Edorta Jimenez idazleak. Horrela, gaur aurkeztu den liburuaren harira, -non liburuak erre egiten diren-, adierazi du oraindik ere liburuak suntsitzen direla. "1937an, esaterako, Sukarrietako Uhagon Jauregiaren aurrean faxistek hainbat liburu erre zituzten". Era berean, salatu du Literatura Unibertsala Bildumako hainbat liburu suntsitu egin direla.

Azkenik, Nagore Tolosa itzultzaileak hartu du hitza. Trilogia osatzen duten liburuek antzeko egitura dutela nabarmendu du, "garaiko gizartearen kontrako aldarria dira". Liburua, izan ere, 50eko hamarkadan idatzi zen AEBetan: II. Mundu gerra amaitu berri, Koreako gerrak zirauen, eta Gerra Hotzaren hasiera antzematen zen. Egoera horren aurrean "itxurazko lasaitasuna" nagusitzen zen gizartean, "erosotasunean eta egoera ekonomiko onean bizi zen gizartea". Hala, aisialdiaren kontzeptua asko zabaldu zen eta telebista, irrati eta hegaldiak barra-barra kontsumitzen ziren. Testuinguru horretan, Bradburyk hiru gai jorratu zituen bere liburuan: "zentsura, entretenimendu erraza eta bekaizkeria".

Liburuaren protagonista Guy Montag suhiltzailea da, zeinak liburuak erre behar dituen, "ezagutza deuseztatu behar du, pertsonak ezagutza eta ez-ezagutzaren arteko tentsioan bizi dira". Izan ere, Tolosaren hitzetan, "ezagutza ezabatzean herritarren arteko berdintasuna sustatu nahi dute agintariek".

Animaliak, fedeak eta aipamen literarioak ere toki berezia hartzen dute. Hala, odola ponpatzeko makinari sugea deitzen diote eta autoei kakalardoak. Era berean, Bibliako erreferentzia asko agertzen dira, "Biblia erreta dago", nabarmendu du Jimenez. Azkenik, literatur aipamen asko irakur daitezke, "irakurzaleen distopia" ere deitu diotela Fahrenheit-i azpimarratu du itzultzaileak.

Nontzeberri

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button