EZLEKUBAT

Nuntxaku, Inmobilismoari ostikada

Esperimentatu egingo dugu… Nuntxaku zer den edo nortzuk osatzen duten jakiteko jar ezazu Oaxacako txile puska bat ipurdiko zulo ilun horretan. Piper gorriak askatzen duen kapsizina sustantziak uzki aldea berotzen dizunean, honako idazki honetan, kolektiboari eskaintzen dizkiodan hitzak irakurtzeko arazo larriak izango dituzu. Izerdia, egonezina, larritasuna, bizirik irauteko sena… sorkuntzak eragiten dituen sentsazioak, inmobilismoa uxatzen dituztenak.

Bermeoko Eureka Hot eta Los Frenos rock taldeetako Sergio Llanos eta Arkaitz Garay kideak izan ziren lehenbiziko Nuntxaku-hazia landatu zutenak. Kasualitatez, 2004ko udan, Jose Done ikastetxe zaharrak ezkutuan zuen kapera abandonatua aurkitu ostean, Udalari, kaperan bertan, kontzertuak egiteko baimena eskatu zioten. Beste inolako misteriorik gabe hasi zen Nuntxaku bizia hartzen, 2004ko urria-azaroan. Kontzertuak ikusteko ez zuten jada bidaiatu beharrik, asteburuko auto ibilaldiak, gasolina-tanke hustuketak ez ziren, behintzat, lehen bezain sarriak izango.

Herriko Josefinasetako kaperan, aspaldi egiten ziren kontzertuak bukatu zirenetik, Bermeo, musika alternatiboaren zirkuitutik kanpo gelditu zen, eta beraien asmoetariko bat herria, berriz ere, mapan jartzea izan zen.

Egun, Nuntxaku talde handi batek osatzen du eta antolatzen dituzten jarduera gehienak kontzertuak diren arren, antzerki saioak, zine emanaldiak eta hitzaldiak ere plazaratzen dituzte. Ekitaldi bakoitzerako lan-talde antolatua izaten ahalegintzen dira, aurreko egunetan zein ekitaldiaren egunean bertan egin beharreko lan bakoitzerako jendea izatea, alegia, ez dugu ahaztu behar ordain ekonomikorik gabeko lana egiten dutela. Nahi dutelako, gustuko dutelako, irabazi asmorik gabeko elkarte ipurtarina.

Piper gorria atzealdean oraindik lagun?

Ez dute inolako diru-laguntzarik, barran ateratako diruarekin burutzen dituzte ekintzak. Azken bi urteetan, herriko jaietan, txosna ere jarri dute Nuntxaku Elkartearen izenean, eta, bertan, lortutako dirua berebizikoa izan da azpiegitura hobetzeko: kableak, mikroak, traste berriak… iaz arrantzaleen karro bat eskuratu eta sound system-ak egiteko ekipatu zuten, Kaperatik kalera irteteko helburuaz. Autogestioaren paradigma.

Egun dauden tokira heltzeko lan handia egin dute, udalak eskainitako txoko-kapera hutsik baitzegoen. Eszenatokia eraiki zuten lehenbizi, soinu ekipoa jarri zuten gero eta azkenik, barra aproposa, bertara hurbildutakoen egarria asetzeko. Hala ere, lokalaren egoerak eskasa izaten jarraitzen du, itoginak dituzte eta auzolanari ekingo diote arazo horri, behingoz, konponbidea emateko.

Bederatzi urte igaro dira, dagoeneko, etengabeko lanean, eta herrian badute haien berri. Kontzertu eta bestelakoetara betikoak hurbiltzen diren arren, beti agertzen da aurretik izan ez den norbait Nuntxaku-birjinitate horrekin bukatzeko esperantzaz.

Bermeon eta eskualdean kultura eskaintza alternatibo bat izatea eta bereziki jendearen partaidetza sustatzea dute esku artean. Nuntxakun parte hartzera animatzen dute, ez da txoko pribatu bat, herriaren eta herriarentzako espazioa baizik. Edozeinek  har lezake parte oinarrizko gutxieneko baldintza batzuk betez. Dirua irabaztea helburu baduzu, ez da tokia horretarako.

Hasierako lau lagunak talde potoloa bilakatu da, taldekide berrien inplikazioa aberasgarria suertatu da eta bere biziraupenerako funtsezkoa, erabat. Batzuk joan eta beste batzuk etorri dira eta Nuntxakuk bertan jarraitu du, belaunaldi berrien grina piztu nahian. Etorkizunera begira, ez dute beraien eskaintza kontzertuetara mugatu nahi, antzerki jardunaldi gehiago kaleratzea dute asmo berri. Astean zehar, hainbat tailer egiten dituzte. Zirku tailerrak, adibidez, hirugarren denboraldia ezagutu du aurten eta, orain, euskal dantzak eta bizkar-eskola ere dute martxan. Dena doan, oraingoz, dakienak ez dakienari erakutsi eta elkarrekin ikasitakoa konpartitu.

Nuntxakun inplikatuta egon diren kideen joan-etorriak, naturalak izan dira oso. Saiatu dira Nuntxaku zer den, kapera zer den eta zein aukera eskaintzen dituen jendeari komunikatzen, baina azkenean beraien gogoa da funtsezkoa. Gogorik ez badago, ez dago zereginik, eta orain arte Nuntxakun lanean aritu diren eta ari direnek, gogoa dutelako ekiten diote lanari.

Bederatzi urte jada, autogestioa ardatz, kultura alternatiboari bide berri bat eskaintzen. Une latzak eta pozgarriak, baloraziorik gabekoak guztiak, ez dutelako horrelakorik egin nahi. Balorazioak zerbait bukatzen denean egin beharrekoak direla diote eta Nuntxaku ez da oraindik amaitu, Bizirik dirau.

Dantzan hasi aurretik popie mobiten du!

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button