BESTELAKOAK

“Aratusteak Bizkaian” monografiakoa kalean

Gaur goizean, hilaren 14an, Aratusteak Bizkaian izeneko ikerketa lana aurkeztu dute Labayruko kideek, Bilboko BBK Salan. Bertaratu direnen artean Igone Etxebarria eta Adolfo Arejita lanaren egileak izan dira.

Lan bakarra da baina euskarri bikoitzean aurkeztua, izan ere liburuarekin batera aratusteen gaineko irudi argigarriak dakartzan DVDa ere badator. Bizkaian Aratuste-zikloak dituen ezaugarriak, izendatzeko moduak, ospatzeko erak eta ohiturak jasotzen ditu lan-ikerketa bikain honek.

Aste bi barru inauteriak edota aratusteak ospatuko ditugu Euskal Herrian, eta lan trinko honekin, hainbat puntu argigarri izango ditugu eskura, gure tradizioan erroturiko ohiturak zertan diren jabetzeko.

Lanak, Bizkaiko hainbat herritako edo “leku enblematikotako” ohiturak bilatu eta ikertu ditu guztiongana hurbilarazteko, “bere laburrean bada ere, lan txukuna eta bikaina da gaur aurkezten duguna”, esan du Adolfo Arejita Labayruko kideak.

Lana, lekuan lekuko jendearengana joan eta bizimodu horren gaineko galdetegietan oinarrituta dago. Bizkaian bertan, herri batuetan bizi-biziak izan dira aratusteak, eta debekatuta ere bai, baina jendeak bizi izan ditu eta gorde ere bai.

Hortaz, aratusteen ezaugarriak, berezigarriak, herririk herriko ospatzeko moduak, ohitura galduak eta biziak batzeko ahalegina gordetzen du lanak.

Gure ohiturak ezagutzeko eta atxikitzeko modu galanta.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button