MUSIKA

Itziarren Semeak-en koktel tropikala

Mungiako Itziarren Semeak taldeak Dale Candela izenburuko hirugarren lana aurkeztu du gaur goizean Bilbon. Ibon Altuna abeslariaren hitzetan, aurrerapausoa izan da taldearentzat, orain arte jorratu ez dituzten estiloak grabatu baitituzte.

Hala, diskoan estilo anitzeko pasarteak entzun daitezke, tartean, rumba, funk eta reggaeton zertzeladak. Orain arte sekula jo ez dituzten sonoritate horiek jotzeko zailtasunak izan dituztela aitortu du Altunak.

Hala, disko hau egiteko maketa bat grabatu zuten Arrasateko Shot! estudioetan, gero entseguak egin, eta azkenik, Garate estudioetara jo zuten Kaki Arkarazo teknikariarekin. “Estilo hauek jotzea erronka izan da guretzat, baina erronkari optimismoz eutsi diogu, eta pozik gaude emaitzarekin”.

“Agian jendea harrituko da, estilori dagokionez, askotarikoa baita, punk gutxiago eta dantzara erritmo gehiago daude”. Hala, Latinoamerikako mugimendu iraultzaileak eta emakumea ardatz dituen grabazio berri hau “koktel tropikal” gisa definitu du kantariak. Dena dela, hitzei eta konpromiso politikoari dagokienez, taldeak bere esentzia mantentzen jarraitzen du.

Emakumearen presentzia eta Latinoamerikako iraultzak Dale Candela izenburuak bildu nahi izan dituzte, Latinoamerikan espresio hori “egurra eman” adierazteko erabiltzen baita, eta Candela emakume izena delako. “Candela edozein emakume izan daiteke, (…) etorkizunean emakumek bere biziko garrantzia izango du”. Hala, diskoaren diseinuan, hitzetan eta eszenatokian gero eta nabarmenagoa da emakumeen presentzia. “Olaeta baleteko dantzariak diren Mirentxuren Alabak aspalditik ari dira gurekin agertokian, eta diskoaren azalean eta liburuxkan ere ageri dira”.

Taldeak ohi duen legez, makina bat kolaboratzaile izan dute grabazio honetan bi aipatzearren: GOSE-ko Iñigok Basque of Brixton kantuaren erremix-a egin du, eta Esne Beltzako Zigor DZ-k, berriz, Gau Luzeak doinuarena. Taldeak, halaber, diskoan jaso duten Negu Gorriaken Amodiozko Kanta doinuaren reggae moldaketa azpimarratu nahi izan dute. Bertan, Norte Apache hip-hop taldeko Raycok eta Ibonek parte hartu dute. “Bizi dugun momentu politikoagatik era euskal presoei gure konpromisoa erakusteko egin dugu, izan ere, presoen aldeko Herrira mugimenduari eman diogu”. Horretaz gainera, estreinakoz gaztelaniaz abesturiko kantua sartu dute, Un Palo Contra El Paro doinua, hain zuzen ere. “Lagun batek egin dizkigu hitzak, eta punk kutsu handiagoa edo emateko, gaztelaniaz atera da, eta horrela utzi dugu”.

Diskoa berriaren aurkezpen ofiziala abenduaren 13an egingo dute Bilboko Kafe Antzokian. Emanaldia doakoa izango da, eta grabazioan parte hartu duten hainbat lagun ere izango dira agertokian. Aurretik, Legution eta Durangoko Azokako Ahotsenea gunean izango dira, abenduaren 1ean eta 7an, hain zuzen ere. Abenduaren 20tik 31ra, gainera, Kuban izango dira bost kontzertu inguru egiteko.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button