ARTEA

“Hitzaren Itzalak” erakusketa Donostian

Donostiako Boulevard aretoan, urriaren 24tik abenduaren 1era, Imanol Larrinagaren akuarelak ikusi ahalko dira. Lan artistikoekin batera Juan Ramón Makuso, Aritz Gorrotxategi eta Pello Otxotekoren testuak ere irakurri ahal dira.

Honakoa, adibidez: “Bere eskuetara heldu da egurra, eta berarekin zaldia. Irrintzi eta oihurik gabe kendu dizkio sabelak. Kolpez kolpe zizelkatu du konkadura, hutsunearen bila. Berea eta zaldiarena. Gizakia, hutsunetik hutsunera. 

Egurrarekin egin du arotzak zaldiaren irudia. Eskuekin landu du pixkana, kanpoaldeko gihar bakoitza kontu handiz zizelkatuz, eguzkitan kobrea irudi dezan. Egurraren gainean jarri du azkenik haragia, eta haragiaren gainean hitza. Egurrezko irudiak itzal erraldoia du, eta lurrean etzaten da luze, zuhaitzen erdian. Bera ere zuhaitz izan zen beste denbora batean. (…)

Ipuinetan apenas da egur puska bat, sutara bota beharrekoa negu hotzean. Hutsunetik altxatu du gizakiak bere irudia. Bizitzaren konkaduretan egin uste ditu bere buruari gorazarreak. Gerlariak ikusiko dituzu orain enparantzan, hiria zaintzen. (…)

Estoldetan ikusiko duzu orain zaldi zaharra, kartoizko estalkien erdian. Gizakia irten da barrutik goizalbaren argitan, mailua eskutan. Bizar alga sarria aurpegian. Izokinak erakusten du bidea. Arrauna asmatu zuen Ulisesek ere badu izokinetik, etxera itzultzeko desioa bere baitan deskubritu zuelako. Galdezka dabil orain Ulises, herdoildutako galdera bat ezpainetan zauri: nola josi arotzaren keinua bihotzera? Izen bat besterik ez. Izan, itzalen artean.

Atzean geratu da hiria. Lurrean, enborra. Eskuetan itzala. Pentsamenduen itzalak dira hitzak. Eta hitzaren itzal, irudia. Poeta itsu batek kantatzen ditu ordukoak. Bere begietan ikusiko duzu zaldi erraldoi bat”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button