MUSIKA

The Dream Syndicatek Bilbon joko du

Gaixotasun arraroak borrokatzen dituen Walk On Project (WOP) elkarteak musika jaialdi interesgarria atondu du eritasun horien ikerkuntza medikuaren alde. Hala, irailaren 28an eta 29an The Dream Syndicate, The Jayhawks, Los Enemigos, El inquilino Comunista eta Doctor Deseo izango dira Bilboko La Casillan. Izen horiei, gainera, oraindik iragartzeke dauden beste batzuk gehituko zaizkie.

Orain arte ezagutarazi dituzten artisten artean The Dream Syndicate taldea nabarmentzen da. Rock Amerikar Berria estiloaren baitan sortu zen taldea 80ko hamarkadaren hasieran. 1981etik 1989ra iraun zuen taldeak. Taldea eratu urtebetera argitaratu zuen estreinako EP homonimoa eta urte berean lehendabiziko iraupen luzeko lana: The Days of Wine and Roses. Hortaz, 30 urte igaro dira egundoko laudorioak jaso dituen grabazio hori kaleratu zenetik. Diskoan The Velvet underground, Television edo Neil Youngen eraginak jasotzen dira bederatzi doinuz osaturiko maisulana josteko, tartean, Tell Me When It’s Over, When You Smile edo diskoari izenburua eta amaiera ematen dion kantu burrunbatsua.

Hain zuzen ere, urteurren horren harira egingo ditu Dream Syndicatek zenbait kontzertu estatuan. Steve Wynn gitarra jotzaile eta abeslariak zuzentzen duen taldeak duela 21 urte eman zuen bere azken kontzertua eta ordutik bakarkako ibilbide luzea egin du. Ametsen Sindikatuan arituriko Dennis Duck bateria jotzailea eta Jason Victor gitarra jotzailea izango dira Bilbon Wynnekin batera. Hirukote horri, gainera, Wynnekin jotzen duen The Miracle Three taldeko Jason Victor gitarra jotzailea gehitu zaie. Kontzertua irailaren 29an izango da eta egun berean The Jayhawks country rock taldeak joko du egundoko kartela osatuz.

Aurreko egunean, irailak 28, Los Enemigos, Doctor Deseo eta El Inquilinio Comunista arituko dira. Aurretik aipatu denez, oraindik zenbait talderen izenak iragartzeke daude. Jaialdiarekin loturiko informazio guztia walkonproject.org webgunean biltzen da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button