MUSIKA

Señores eta Vulk taldeek disko berriak aurkeztuko dituzte Bilbon

Señores eta Vulk banda bilbotarrak Kafe Antzokiko agertokian izango dira ostiralean, 22:00etatik aurrera. Biek ala biek lan berriak aurkeztuko dituzte, La Luz eta Beat Kamerlanden, hurrenez hurren.

Hardcore esparruan aritutako lau musikariren indie-pop kutsuko egitasmo da Señores, eta La Luz laukotearen bigarren lan luzea. Santi Garcia ekoizle prestigiotsuak grabatu eta nahastu du, Cal Pau Recordings-en (Villafranca del Penedés) eta Ultramarinos Costa Brava-n (Sant Feliu de Gixols). Masterizazioaz, berriz, Victor Garcia arduratu da, Ultramarinos Mastering-en (Bartzelona).

Diskoak orain arte grabatu dituzten kanturik popzaleenak biltzen ditu, baina baita urratzaile, tenkatu eta zakarrenak ere. Taldeak oso harrera ona izan du estatuko indie-ikuslegoaren artean. Arrakasta horren ondorioz, makina bat jaialdi handitan jo dute; tartean, Primavera Sound, BBK Live, Sonorama, Kutxa Kultur, Murtziako SOS, Badajoz hiriko Contemporánea eta Lisboako NOS Alive.

Vulk bandak, berriz, Britainia Handiko post-punketik eta AEBetako 90eko urteetako indie-rocketik edaten du, Joy Division eta Pixies elkarrekin oheratuko balira bezala. Taldeak, oraintsu, Donostiako Ze Premikin jaialdian parte hartu du.

Orain arte bi erreferentzia plazaratu dituzte, kantu bi biltzen dituen Zaldia Burning (2015) eta No longer great deal (2016) sei kantuko EPa. Biak ala biak entzungai daude taldearen bandcamp webgunean. Ostiralean baina, lan berriena aurkeztuko dute: Beat Kamerlanden. Titulu honen harira aipatu behar da Beat Kamerlanden eskalatzaile famatu eta indartsu baten izena ere badela.

Barnezine blogean aspaldi argitaratutako elkarrizketa batean jasotzen denez, “Bermeon The New Flesh taldearekin jo genuen. (…) Beleza Malandrako jabearekin ere oso gustura egon ginen, oso tratu ona eman zigun. Kontzertuaren ondoren tipo bat hurbildu zitzaigun. Kartelean post-punk jartzen bazuen ere, berak ñabardura gehiago ikusten zituela esan zigun, hala nola, 70eko hamarkadako rock-a edo 90eko hamarkadako rock alternatiboa. Nik uste erritmo gehiago ditugula”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button