ESZENA

“El viaje a ninguna parte” obra berriz Arriaga Antzokian

Arriaga Antzokiak Ramon Bareak zuzenduriko El viaje a ninguna parte lana hamar egunez oholtzaratuko du berriz, irailaren 2tik 12ra arte. Pieza aurtengo urtarrilean estreinatu zen, eta arrakasta handia izan zuen kritikaren eta ikusleen artean. Orain, zortzi emanaldi eskainiko dira, ostegunetik igandera, irailaren 2, 3, 4 eta 5ean, eta 9, 10, 11 eta 12an.

Fernando Fernan Gomezen eleberrian eta ondorengo filmean oinarritu da Ramon Barea eta koprodukzioa egin du Madrilgo Fernán Gómez Antzokiak, eta han ere ikusi ahal izango da irailaren amaieran, Bilboko emanaldien ondoren.

Patxo Telleria, Mikel Losada, Ramon Barea, Itziar Lazkano, Irene Bau, Aiora Sedano, Diego Perez eta Adrian Garcia de los Ojos dira antzezleak.

El viaje a ninguna parte obrak “komikoen lanbidea konpainia ibiltari batean aurrera eramateko modu jakin batez hitz egiten du. Azken finean, ogibideaz mintzo da, benetan bokaziozkoa denaz. Bizitzaren eta erresistentziaren mikromundu txikia den horretaz. Mendeetako tradizioa duen eta etengabe birsortzen den lanbideari egindako omenaldia da. Hil eta birsortu egiten da. Zinema, soinudun zinema, irratia, telebista, Internet… etorri diren arren. El viaje a ninguna parte antzerkiaren arte honen etengabeko metafora bilakatu da, funtzio bakar eta errepikaezin bakoitzean birsortzen den antzerkiarena.”

Ramon Bareak gogoratzen duenez, “antzezlanaren oinarrian dagoen eleberria komiko batek egin du, komikoen seme eta komikoen artean hazitakoak, eta badaki zertaz, nola eta zergatik hitz egiten duen. Oroimena du. Bizitza du. Horrelako kontuak bizitzen badira bakarrik uler daitezke. Horregatik, gurekin etortzea izango da onena, ikuslea bidaia honetara gonbidatzen dugu. Guk bidaiarekin aurrera jarraitu arren, zuek nahi duzuenean utz dezakezue. Antzerkia beste”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button