LITERATURA

Gaur abiatuko dira Eako Poesia Egunak

Eako Poesia Egunak ekimenaren 11. edizioa izango da aurtengoa, eta gaur, Bizkaiko kostaldeko Ea herrian abiatuko dira uztailaren 13ra bitartean.

Aurten ekitaldi berriak eta esperimentalak eramango dituzte herrira, eta urte honetan publikatu diren poema liburuetako egileak ere gonbidatuko dira errezitaldiak egitera. Eta literaturarekin adierazpide artistikoa nahastea ere bada, antolatzaileek duten helburuetako bat. Hitzaldiei lehentasuna eman nahi diete, egiten denaz, idazten denaz teorizatzeko, eta ildo horretan, Arestiren obraren berrirakurketa kritikoa ere antolatu da.

Gaur berton, Karmelo Landak eta Laura Mintegik Gabriel Arestiren Harri eta Herri: Nondik dator harria? izeneko hitzaldia egingo dute, 20:00etan, Eskolondon. Horren ostean, 22:30ean, eta toki berean, Gabrielen lekua sentikaria programatu da Rafa Rueda, Andoni Egaña, Oier Guillan, Alain Urrutia, Iraia Elias, Ainhoa Alberdi, Naia Membrillera eta Iban Urizar kideen eskutik.

Biharko programazioan, Eider Rodriguezek Itsasoa da bide bakarra izeneko hitzaldia egingo du, 11:00etan, Eskolondon, eta gero Koldo Izagirrek poema errezitaldia egingo du Talan: Parisen bizi naiz.
Bazkariaren ostean, Mikel Etxaburu, Mariluz Esteban, Jule Goikoetxea, Luis Garde eta Felipe Juaristik poemak irakurriko dituzte Bedaronan.
Eta gau partean, Imanol Epelderen Etxepare RAP eta Laida Azkonaren Mu-To: Txinaraino tunel bat zulatu ikuskizunak atondu dira Eskolondon ere. Geroago, 23:30ean Joseba Irazokik kontzertua eskainiko du bertan.

Azken egunean, uztailak 13, Iratxe Retolaza eta Danele Sarriugarte Arestiren imajinario poetikoa eta genero-eraikuntzak gaiari buruz  mintzatuko dira. 13:00etan, Bide Ertzeanek Kantu bat zure minari izeneko kontzertua egingo du Moilan; eta arratsaldean, Iñigo Astizek eta Mikel Ayerbek Hondakindegia poema errezitaldia egingo dute Natxituko bolatokian.

Bestelako informazioa, Eako Poesia Egunak ekimenaren webgunean begiratu ahal da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button