BESTELAKOAK

Nabarra aldizkaria ez da berriz publikatuko

Egun hauetan jakin izan dugu berria. Krisialdiak eremu guztietan jotzen du, eta kultura izaten ari da kaltetuenetako bat. Horixe dela eta, Nabarra aldizkaria hamar urteko ibilbideari bukaera eman behar izan diote bertako kideek.

Hauek, hain zuzen ere, ondoko letrak helarazi dizkigute itxiera honen arrazoiak zeintzuk diren aipatuz.

“Duela urte eta erdi Nabarra aldizkaria desagertzekotan egon zen. 2001an argitalpena sortu zuen Nafarroako taldeak Foru Gobernuaren laguntza falta salatu eta proiektuarekin ezin zuela aurrera jarraitu adierazi zuen iazko apirilean.
Milatik gora harpidedun zituen argitalpenari bigarren aukera ematea posible zelakoan, Bizkaian Nabarrak Kultur Taldea sortu zen orduan, eta hark hartu zuen Nabarraren ardura. Ordutik, kolaboratzaile zahar zein berrien eskuzabaltasunari esker joan da argitaratzen. Gastuak murriztea izan da talde berriaren ardura nagusia, ezinbestean, baina gastuak murriztean eman zaizkion laguntzak ere txikiagoak izan dira eta diru-laguntza sistemaren gurpil eroan ezin aurrera egin geratu da. Laburbilduz, egoera ekonomikoari ezin izan dio buelta eman, bereziki arrazoi finantzieroak direla eta. Une honetan, Nabarra zein beste hainbat hedabide zorra egitera behartuak daude haien argitalpenekin aurrera egiteko baina zor hori ordaintzeko herri-erakundeek aitortzen dieten dirua ez dute urte bukaera arte jasotzen. Jasotzen badute! Aurten, izan ere, Nabarrak ez du oraindik Jaurlaritzaren dirurik jaso. Enpresa handiagoek, akaso, aukera dute ahalegin finantziero hori egiteko baina talde hain txikiak nekez egin dezake ahalegin hori beste urte betez. Beste enpresa batzuk egoera deserosoan jartzen dituen testuinguruak gure kasuan bukaera ekarri du.

Penaz ematen diogu bukaera hamar urteko ibilbideari, baina esker onez ere bai. Esker ona gure kolaboratzaileei, erredaktore, idazle, itzultzaile, kazetari, ilustratzaile, argazkilari, diseinatzaileei, aurreko zuzendari eta zuzendaritza taldeei, Nabarra egin duten guztiei, eta gozatu duten denei.

Larri ere bagaude: gurea ahalegin bereziki zaila zela bagenekien, baina euskalgintza kinka larrian dagoela badakigu, itotzen lehenetakoak garela, baina itotzear daudenak bat baino gehiago direla. Euskaldunok ez dugu masa kritiko nahikorik, gure kontsumoarekin kultur sistema sendo eta aberatsik mantentzeko. Herri erakundeen laguntza praktiko, sendo eta erabakiorra beti beharko dugu. Gure sormena, irudimena, lana, gogoa, talentua, lana eta borondateari haiena ere behar-beharrezko zaie. Espero dugu 2012ak ez duela, zentzu horretan, beste ate batzuen itxierarik ekarriko.”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button