LITERATURA

“eSPedizioa. Mendi ororen pisua” errezitaldia, Bilboko Bidebarrietan

Juanra Madariaga idazle eta mendizale bilbotarraren azken liburuaren aurkezpen-errezitaldia programatu du Bilboko Bidebarrieta liburutegiak, etzi, maiatzak 14, 19:00etatik aurrera, Unai Elorriaga idazlearen eta Juanjo San Sebastian mendizalearen partaidetzarekin. Gainera, bihar, maiatzak 13, Elkar liburu-dendan (Poza lizentziatua, 14), goizeko 10:30ean, eSPedizioa. Mendi ororen pisua (Txalaparta) liburua komunikabideen aurrean aurkeztuko da. 

Bidebarrieta Kulturgunea espazioan, eSPedizioa: Mendi ororen pisua narrazio liburuaren hainbat kapitulu errezitatuko dira, musika eta Himalaiako irudiek lagunduta. Egileak berak grabatu zituen irudiak, 2010ean Tibeten dagoen Shisha Pangma (8.027 m.) mendira egin zuen espedizioan. Hartan, Juanra Madariagak Unai Elorriagaren SPrako Tranbia liburua eraman zuen, bai eta tontorreraino igo ere, non azken kapitulua irakurtzen irudietan grabatu zuen.
Unai Elorriagaren liburuaren protagonistarekin espedizioak sortzen zizkion beldurrak eta tontorrerainoko bidean egin zuen barne bidea konpartitu zituen lan horretako Lucas protagonistarekin.

George Malloryk The Voyage Out, Virginia Woolfek idatzitako liburua eraman zuen Everestera 1924an; Fritz Luchsinger alemanak, 1983an Shisha Pangma mendian hil zenean, Rainer Maria Rilkeren lana zeraman; James Mallahan idazlearen Postariak bi aldiz deitzen du beti liburua Stuart Alexander Lowerekin zegoen elur-jauzi batek irentsi zuenean. Hauek eta alturak eta muturreko egoerak sortzen dituzten pertzepzioak, legendak, antzinako mendi-tragediak, desparizioak, eta beste hainbat kontu nahasten dira espedizioaren egunerokoak sortu zuen bizi-hariarekin.

Juanra Madariagarenak dira Imentzioaren pergamuak (1988), Galera errepikatuak ( Susa,1992), Argia sortzen den izartegia (Alberdania, 1996), Amodioa batzuetan (BBK, 2000), Física (2001, Bassarai), Izozmendiak (Susa, 2003) eta  Eroriaren logika (2009, Susa) poema liburuak.
eSPedizioa: Mendi ororen pisua da narratibaren bere lehen lana.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button