BERTSOTAN

Hogei bertso saio “A las nueve en el Faisán” aurkezteko

A las nueve en el Faisán, Xabier Silveiraren azken eleberria, harrera polita izaten ari da. Hilabete pasatxo besterik ez da kaleratu zela, eta Gipuzkoa zein Nafarroako taberna dezentetan agortu egin da. Baina bide luzea du oraindik Faisanak bere anaia nagusia den A las ocho en el Bule-k egindakoa berdintzekotan. Azken honen 7.000 aletik gora daude Euskal Herriko eta Kataluniako etxeetan barrena.
Bide horretan, A las nueve en el Faisán ere gure mugetatik at ibiltzekoa da baina, aurretik, Euskal Herriko txokoak bisitatuko ditu.
Horretarako, aurkezpen bertso saioak izeneko bira bat prestatu da hainbat bertsolariren laguntzaz, besteak beste, Julio Soto, Alaia Martin, Jokin Uranga, Fredi Paia, Ander Lizarralde, Eneko Lazkoz, Aimar Karrika, Unai Gaztelumendi, Ministro, Iñigo Olaetxea, Ander Fuentes, Haritz Saragueta… zerrenda luzea da.

Xabier Silveirak liburua eskuetan duela gidatuko ditu saio hauek, eta bertatik gazteleraz ateratako gai edo abiapuntuak izango dituzte oinarri bertsolariek. Aurkezpen bertso saioak, guztira hogei saio baino gehiago, taberna zein gaztetxetan burutuko dira nagusiki.
Otsaila eta martxoko ostegun eta ostiralak ziren hasiera batean saio hauek gauzatzeko genituen datak baina sare sozialen bidez asmo hau zabaldu zenetik gero eta toki gehiago agertzen ari da. Ondorioz, apirila osoan zehar ere herriz herri ibiliko dira taldekoak.

Ostegunean emango zaio birari hasiera, Oiartzunen, Makutxo tabernan, 20:00etan. Bertan, Jokin Uranga, Ander Lizarralde eta Unai Muñoa bertsolariak izango dira protagonista.
Biharamunean, Iruñerrira salto egin eta Uharteko Oiezki tabernan, Eneko Lazkoz, Haritz Saragueta eta Aimar Karrikak bilduko dira bertsotan.
Otsailaren 17an Etxarrin eta 18an Lesakan geldiuneak eginda, 23an eta 24an Iruñean izango dira. Ostegunez Arrosadiako Ezpala tabernan eta ostiralez Txantreako Akelarre kultur elkartean.
Martxoa Bergaran hasiko da ekimena hilaren 3an, Gaztetxean; Urretxun 9an eta Añorgan astebete geroago. Ondotik Zarautz, Azpeitia, Astigarraga, Algorta, Andoain, Bera, Donostia eta beste hainbat lekutan izango da aurkezpen bertso saio hauetaz gozatzeko aukera.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button