BERTSOTAN

“Bilintxen Menda” bertso hamabostaldia, Donostian

Ostiralean, hilak 19, abiatuko da Donostiako Bilintxen Menda bertso hamabostaldia. Guztira lau saio programatu dira, Imanol Larzabal (Lugaritz), Antzoki Zaharra, Ernest Lluch Kultur Etxea eta San Telmo Museoan egingo direnak. Ekimenaren bidez, “Donostiak historikoki bertso-plaza gisa izan duen garrantzia aldarrikatuko da, baita bertsozaleei gozatzeko paradak eskaini ere eta bertsogintzaren zenbait erpini buruzko gogoetak egin”.

Diogun moduan, lehen saioa, apirilaren 19an izango da Imanol Larzabal Aretoan, 19:30ean hasita. Bertan, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Sebastian Lizaso eta Amets Arzallus bilduko dira.

Apirilaren 24an, 19:00etan, Ernest Lluch Kultur Etxean, Jon Sarasua bertsolariaren eskutik Ego eta hego: txapelketako edukiei begiratu bat txalodependentziaren ikuspegitik hitzaldia izango da. Xabier Euzkitze aurkezpenak egingo ditu.

Apirilaren 28an, 19:00etan, eta Antzoki Zaharrean, Hitzaldi musikatua programatu da. 1935etik 1967ra bitarteko Bertsolari Txapelketa Nagusietan barrena egindako bidaia egingo dute gaur egungo bost bertsolarik. Hala, Beñat Gaztelumendi, Oihana Iguaran, Unai Agirre, Nerea Ibartzabal eta Aner Euzkitze bertsolariek, garai bakoitzean kantatzen zena eta gaur egun kantatuko litzatekeena aztertuko dute. Gari Otamendi eta Ixak Arrutiren musikak girotuko du saioa eta Aizpea Goenaga arituko da aurkezle.

Azkenik, gai-jartzailetzari buruzko mahai-ingurua egingo dute maiatzaren 2an, 19:00etan, San Telmo Museoan. Bertan bilduko dira Joxemari Iriondo, Laxaro Azkune eta Maite Berriozabal solaskideak, eta Xabier Euzkitzek moderatzaile lanak egingo ditu.

Informazio gehiago: Bilintxen Menda

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button