ESZENA

Arriaga Antzokiak Moto-Membra Jesu Nostri antzezlanaren emanaldia eskainiko du

Larunbatean, irailaren 27an, Bilboko Arriaga Antzokian berraktibatuko da antzokiaren beraren ekoizpen propioa den ikuskizuna. 2022ko urrian aurkeztu zenean hain zapore ona utzi eta gero, obra berriro ere aurkeztea erabaki dute Esloveniara eroan baino lehenago, Ljubljanako Cankarjev Dom Cultural Centre-ra, Esloveniako kultur eta kongresu zentrurik handienera hain zuzen ere.

Antzezlana Lucía Astigarragak zuzentzen du eta Eneko Sagardoyren testu zirraragarria aktoreak berak antzeztuko du. Dietrich Buxtehuderen musika ederra interpretatzeaz Conductus Ensemble taldea arduratuko da, 15 ahotsez eta 11 instrumentistez osatua, musika eta antzerkia fusionatzen dituen ikuskizun hunkigarrian.

Testua ustezko motor istripu batean behin betiko desagertzen den gizon bati eta geratzen den haren maitasunari buruzkoa da. Egile germaniar-daniarraren musika finaren eta Sagardoyren testuaren artean eszenan gertatzen den elkarrizketak edertasun handiko uneak sortzen ditu. Eta hori guztia Lucía Astigarragaren eszena garaikide zaindu baten baitan gertatzen da. Astigarraga, ikuskizuna zuzentzeaz gain, dramaturgia eraikitzeaz eta eszenografia diseinatzeaz arduratu da ere.

Antzokiak 30 urtetik beherako gazteei ostiralean, irailaren 26an, entsegu orokorrera doan joateko aukera emango die.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button