LITERATURA

“Abesoj Aidnanoirras 35 urte idazten” II. hiruhileko jardunaldiak

Bilbo Zaharra Euskaltegiak egiten dituen urteroko Forum zikloaren I. hiruhileko jardunaldiak Abesoj Aidnanoirras 35 urte idazten tituluaren azpian abiatu ziren azaroan. Hartan, Eider Rodriguezek Itsasoa da bidea izeneko hitzaldia ondu zuen; Eñaut Elorrietak Deserriko kantak mintzaldia egin zuen; Xabier Anzak Moroak gara behelaino artean? lanaren gakoak luzatu zituen; eta azkenik, Joxemari Iturraldek Abesoj Aidnanoirrasen obraren inguruan zenbait zertzelada izeneko hitzaldia egin zuen.

Datorren hilean, egituraturik gelditu dira dagoeneko, burutuko diren II. hiruhileko jardunaldietako hitzaldiak. Hala, martxoaren 3an, Maialen Lujanbio eta Harkaitz Cano bilduko dira Sarriren gainetik berba egiteko. Maialen, Arte Ederretako lizentziaduna, eta sorkuntzari emana bizi da. Bertsotik abiatutako zenbait proiektu ere egin izan ditu: Ornitorrinkus, Txori Mugariak… 2009ko Txapelketa Nagusiko txapelduna.
Harkaitz Cano idazle porrokatua da, eta mota guztietako lanak egin ditu: ipuinak, eleberria, poesia, kronikak, haur eta gazte literatura, bai eta itzulpenak ere. Euskadi Literatura Saria hiru aldiz jaso du: 2005ean eta 2012an, eleberri sailean; eta 2014an, Haur eta Gazte literaturan.

Martxoaren 4an, Jesus Egigurenen txanda izango da. Jesus Egigurenek funtsezko zeregina izan zuen PSE-EEk eta Batasunako zenbait kidek izan zituzten bileretan. 2013ko apirilean, Egiguren eta Batasunako bozeramaile ohi Arnaldo Otegik Bakearen eta Berradiskidetzearen Aldeko Gernika Saria jaso zuten, Euskal Herriko bakegintzaren alde egindako ekarpenagatik.

Azkenik,  martxoaren 5ean, Joxe Azurmendik Moroak gara behelaino artean? entseguaren bidetik abiatu eta Historia, arraza, nazioa liburuan oinarritutako hitzaldia eskainiko du.

Bilboko Plaza Barriaren Euskaltzaindiaren egoitzan burutuko dira hitzaldiok, 19:00etan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button