LITERATURA

“Itzalen tektonika”, Itxaro Borda idazlearen azken lana

Itxaro Borda idazleak Itzalen tektonika (Susa) izeneko poema liburua kaleratu du. Gaur berton, aurkezpen ekitaldia egin du Donostian.

Argitaletxeko lagunek adierazi diguten moduan: “Hamalau urterekin idaztea hil ala biziko jarduntzat deskubritzen duen norbaiten aitortzak abiatzen du Itzalen tektonika. Erdian du epizentroa, eta hark hedatzen dituen uhinak dira albo bietara datozen olerkiak.
Bitoriano Gandiaga, Jeanne Dielman, Mariupol, Olot. Garai izugarri baten ikarak, poetaren paseoak eta desirak adinik ez duela ospatzen duten lerroak. Argitasunaren ehundurak eta larruaren hedadurak. Hotelak eta geltokiak, haranak eta ur-jauziak. Ostatuak eta hiztegiak aizolbe diren herri bat, basamortua eta gerra.
Lurrikara baten dardara dakar Itxaro Bordaren poema liburu berriak.”

Hamalau urte nituen.

Samin eta zeregin artean nenbilen.
Gogoratzen dut
Idaztea niretzat
Hil ala biziko
Kontua zela.

Maitasunak izutzen ninduen.
Ez nekien nola gerturatu neskaren aldera.
Herabea nintzen. Hitzik gabea.
Idaztea niretzat
Hil ala biziko
Kontua zen.

Behin, gaua pasatu nuen harekin,
Hunkimenik ez ilunaren amildegian.
Isilik egoten dakien lastozko izakia naiz,
Munchen garrasia.

Idaztea niretzat
Oraindik ere
Hil ala biziko
Kontua da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button