
Miren Larreak eta Valentina Raposok sortutako Anita Maravillas txotxongilo antzerki konpainia ospakizunetan ibili da aurten, 20 urte bete dituelako oholtza gainean. Hori behar bezala ospatzeko, gaur, abenduak 30, Zornotza Aretoan, eta 17:30etik aurrera, Kottondarrak izeneko pieza eskainiko du.
Mende hasierako ehungintza industrian emakumeek izandako langile borroketan oinarriturik dago Kotondarrak. “Industria-iraultza betean, familia baten begiradaren bidez iruditegi bisual bat sortu dugu, industrializazioaren etorreraz hitz egitea erabaki dugu, hirietarako exodoa, fabrikaren gogortasuna… baina emakume haien ereduaz ere hitz egin nahi dugu, elkarrekin arituz bizitza duinak lor zitzaketela ulertu baitzuten”.
Lanaren korapiloa hauxe da: “Sorterriko arriskuak atzean utzita, Koton familia hirira abiatuko da bizitza eta aukera berrien bila. Hiriko teilatu, argien eta lantegiko makina eta oihalen artean, amak eta bi alabek abentura berriak eta arrisku ezezagunak biziko dituzte. Baina, oraingoan, ez daude bakarrik eta gogor ekingo diote zoriontsu izateko nahiari”.
Sortzaile askok hartzen dute parte lan honetan, eta adibidez, txotxongiloekin Miren Larrea, Valentina Raposo eta Maren Basterretxea aritzen dira, musika Fran Lasuen musikariak sortu du, eta Miren Amurizarenak dira kantuetako hitzak. Iñaki Ziarrusta arduratu da eszenografiaz eta Betitxe Saitua jantzien diseinuaz.



