BESTELAKOAK

“Ikusi eta Ikasi” programaren 11. edizioa abiatzear

Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol sailak, Euskaltzaleen Topagunearekin batera, Ikusi eta Ikasi programaren 11. edizioa abiatuko du laster batean; urtarrilaren 19tik martxoaren 26 bitartean, hain zuzen.

Ikusi eta Ikasi programa, 2 eta 8 urte bitarteko umeentzat eta hauen gurasoentzat antolaturiko ekimena da. Helburua sinple bezain garrantzizkoa da, “euskararen erabilera bultzatzea umeen artean, gozatzeko esparru berriak, etxetik eta eskolatik kanpo, sortuz“, adierazi du Sabin Anuzitak.

Aurreko ekitaldietan 6000 parte-hartzaile izan dira, eta aurtengo erronka langa hori gainditzea izango da, euskararen transmisioarekiko atxikimendua sustatuz, eta kalitatezko programazioa antolatuz.

Programazioaren barruan, antzerkia, magia, musika, dantza, pailazoak, ipuin kontalariak eta abar egongo dira. Guztira 51 ekintzek osatzen dute egitarau trinkoa, eta betiko legez aurten ere bada berrikuntzarik. Umeak eta gurasoak olgetan batuko dituzten tailerrak antolatu dira, eta hortaz, sukaldaritza, pailazo mozorro bat egiteko lehen urratsak, haurrekin batera kirola egiteko aukera Bilbon, edota mozorrogintza tailerrak ez dira faltako. Hauen artean ere, eta berrikuntza gisan, musikoterapia eta eraikuntza tailer dibertigarriak ere antolatuko dira.
Aipaturiko batzuetan plazak agorturik daude dagoeneko.

Bederatzi gunetara ailegatuko dira ekintza guztiak, asmo handi bezain eder batekin, gurasoak eta umeak tarte ederra pasatzea eta gustura egotea, euskaraz.

Zer, non eta noiz jakin behar baduzue, ekimenaren webgunera jo dezakezue: Ikusi eta Ikasi.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button