BESTELAKOAK

Udako ilunabar kulturalak Artiumen

Uztaileko ostiraletan, 22.00etan, Ilunabarrean kultur programaren laugarren edizioa egingo du ARTIUMek. Egitarauaren baitan askotariko ekitaldiak izango dira, hala nola, kontzertuak, zinema proiekzioak eta kaleko artearen jaialdia.

Hala, uztailaren 6an Pablo Martin-Caminero kontrabaxu jotzaileak bere boskotearekin joko du. Musikari arabarrak El Caminero diskoa aurkeztuko du, non jazza eta flamenkoa uztartzen dituen.

Handik astebetera, uztailaren 13an, Valentziako The Casters taldeak Once We Were estreinako diskoan bildu dituen rock eta elektronika doinuak aurkeztuko ditu.

Hilaren 20an, bestalde, street art edo kaleko artearen inguruko jaialdia egingo dute. Egun horretan, hiri adierazpide asko ikusi ahalko dira, tartean, Soul Flavas Crew breakdance taldea, Gure Toki Skate Eskolaren erakustaldia eta Ojodekuervo graffiti egilea. Horietaz gain, disko jartzaileak eta rap kantariak ere arituko dira.

Azkenik, hilaren 27an, Gernikako Audience boskoteak Amerikanuak dokumentalerako onduriko soinu banda joko du. Soinu banda honetan gernikarrek blues, rock eta folk zertzeladak josten dituzte.

Bestalde, Lanbroa 12 performanceari buruzko ikastaroa teorikoa eta praktikoa ere izango da uztailean.
Programari buruzko xehetasun guztiak artium.org webgunean jasotzen dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button