IKUS-ENTZUN

“Moldatu” eta “A Paedophile” filmak gailendu dira Nontzefilmak film laburren lehiaketan

Asier Urbieta donostiarrak zuzenduriko Moldatu lanak jaso du Nontzefilmak film laburren lehiaketaren zine ataleko lehen saria. Epaimahaiak zuri beltzezko lan honen orijinaltasuna nabarmendu du. Moldatu, gainera, euskaraz filmatuta dago. Animazio atalean, berriz, Nacho Rodriguez bartzelonarra gailendu da A Paedophile obrarekin. Lan koloretsu eta dinamiko hau pedofiliaren infernu psikologikora eginiko bidaia surrealista da.

Bestalde, Euskaraz eginiko lanik onenaren saria Alberto Gastesi donostiarraren Ekaitza lanak hartu du. Filmak bikote baten istorioa kontatzen du atzetik aurrera. Gastesiren lana zine atalean lehiatu zen.

Zinearen atalean honako hauek eskuratu dute bigarren eta hirugarren sariak: La Soledad de la luna (Javier Marco, Madril) eta Intruso (Jose Ramos Frias, Espainia). Lehenengoan emakume nagusi baten oroitzapenak eta hiriko argiak uztartzen dira. Intruso, berriz, etorkizunetik datorren eta bere gurasoen bila dabilen pertsonaia baten istorioa kontatzen du modu umoretsuan.

Animazioaren sekzioan, halaber, honako bi hauek eskuratu dituzte bigarren eta hirugarren saria: Tarantela (Unai Rosende eta Aitor García, Euskal Herria) eta A Primeira vez que descobri para que servia o meu rabo! (Bruno Silva, Portugal). Tarantela stop-motion teknikarekin eginiko lana da eta bururik gabeko pertsonaia baten gorabeherak jorratzen ditu. Bruno Silva portugaldarraren lanean, berriz, txakur txiki bat da protagonista. Kumeak ez daki zertarako erabili behar duen buztana.

Epaimahaiak euskal zinegilek aurkezturiko lanen kalitatea nabarmendu du orotara, izan ere, bai zinean bai animazioan bi euskal egileen lan sarituak daude, hain zuzen ere, zinean Moldatu (1. saria) eta animazioan Tarantela, (2. saria).
Horretaz, gainera, euskaraz filmaturiko lanen maila ere azpimarratu du epaimahaiak: Euskaraz eginiko lanik onenaren saria jaso duen Ekaitza filmaren errealizazioa eta gidoia bikainak nabarmendu nahi izan dituzte epaimahaikideek.

Maiatzaren 5ean (atzo gauean) banatu diren sariak honakoak izan dira:

Nontzefilmak Saria Zinemako film onenari: 2.000 euro

Zinemako bigarren Saria: 1.500 euro

Zinemako hirugarren Saria: 900 euro

Nontzefilmak Saria Animazioko film onenari: 2.000 euro

Animazioko bigarren Saria: 1.500 euro

Animazioko hirugarren Saria: 900 euro

Era berean, Euskaraz eginiko lan onenak (zinemakoa zein animaziokoa izan) 1.000 euro jasoko ditu.

Nontzeberrik Nontzefilmak 2012 Zinema eta Animazioko Film Laburren Lehiaketa abiatzen du urtero Bilboko Zinema Fantastikoaren Jaialdiaren (FANT) laguntzaz.

Eginkizun berezia da Nontzeberrirentzat ikus-entzunezko atalari dagokion lehiaketa hau antolatzea, eta aurten bereziago, izan ere, Nontzeberriren hamargarren urteurrena da.

Nontzeberrik hamar urte daramatza euskara eta kultura, biak ala biak, sustatzen eta haizatzen. Nontzeberrik bizitzeko modu kultural bat eskaintzen du, kulturaz beteriko mundu horretan gertatzen ari denaz ohartzeko, informazioa, interaktibitatea eta sorkuntzaren aldeko planteamendu zehatzak bultzatuz.

Eta hau guztia euskaraz, beti euskaraz. Euskarazko mundua zabaltzeko erronka hartuta dauka aspalditik Nontzeberri.com web guneak. Euskararen prestigioa munduan ere zabal dadin eta beste hizkuntzen askoren mailan koka dadin, anbiziorik gabe, handiusterik gabe, baina duintasunez.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button