BESTELAKOAK

Euskal Soziolinguistika Jardunaldia, bihar Bilbon

Bilboko Udalaren eta EHUren laguntzarekin antolatutako Euskal Soziolinguistika Jardunaldia Bizkaia Aretoan egingo da bihar bertan, azaroak 6. Jardunaldiak “euskararen biziberritzearen inguruan aurrera eramaten ari diren ikerketa, berrikuntza eta garapen proiektuak modu ezberdinetan ezagutu eta lantzeko” aukera eskainiko du.

“Hizkuntzen bizitasuna eta etorkizuna bermatzeko baldintzei dagokionez, berariazko ikuspegia behar du ingurune digitalak. Hizkuntza komunitate bakoitzak bere modura erantzun dio azken hamarkadetan testuinguru berrietara egokitzeko etengabeko erronkari. Erantzun horien arabera beren bizitasuna indartu edo arriskuan jartzera heldu diren hizkuntzak daude munduan”.
Bilboko Jardunaldian nazioarte mailako joera nagusien berri izateko aukera egongo da, arloaren ezagutza zuzena dutenen ahotik. Alde batetik, nazioarte mailan gaia ikertu eta lantzen duten aditu erreferentzialak izango dira; eta bestetik, euskararen kasua erarik sakonenean ezagutzen duten bertako eragileak.

Hizkuntzen bilakaera ingurune digitalean izango da gai nagusia, eta horretarako Andras Kornai Doktorea (Budapest, 1957) Bilbora gerturatuko da. “Munduko hizkuntzen gehiengo handia heriotza digitalaren arriskuan dagoela adierazi izan du eta hau saihesteko gakoak zeintzuk diren azalduko du bere hitzaldian.  Jarraian, lehen saio horri lotuta, euskararen inguruan lanean diharduten hainbat eragileren txanda izango da. Euskararen Aholku Batzordeko IKTen lantaldea, PuntuEUS Fundazioa, Euskal Wikilarien Elkartea, IXA taldea, Elhuyar Fundazioa eta Deustuko Unibertsitatea zein Udako Euskal Unibertsitatearen ikuspegiak ezagutzeko aukera izango da hamarna bat minutuko aurkezpenetan.

Aurten euskal soziolinguistika esparruko ikerketak saritzen dituen Hausnartu Sarien banaketa jardunaldian bertan egingo da. Jardunaldian 2018ko irabazleen berri emango da eta saritutako lanen laburpenak zuzenean ezagutzeko aukera izango da.

Informazio gehiago: www.soziolinguistika.eus

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button