MUSIKA

Dientes de Luna taldeak “Atmosfera” berria dakar

Gernikako Dientes de Luna taldeak laugarren diskoa aurkeztu du gaur, Atmosfera (Baga Biga). Seikoteak euskara eta gaztelania tartekatzen ditu bere diskoetan, eta rock kantuak jotzen ditu, pop kutsuko melodiei bizkarrik eman gabe.

Baga Biga diskoetxearen arabera, “Atmosfera diskoaren rocka trinkoa da, oinarri sendo-sendokoa, eta, batzuetan, honek eraman gaitzake pentsatzera hard doinuek, 1990 eta 2000ko hamarkadetako kaleko rockak, rock alternatibo amerikarrak, indie-ak irabaziko dutela abestiaren mamia (eta noski egingo dutela), baina abestiaren melodiek pop inguruetara hurbilduko du askotan lehenago aipatutako sendotasuna”.

Halere, melodia horietan ere indarra nabaritzen da. “Dientes de Luna taldearen pop ukituek berezkoa dute kolpe indartsua. Haize lakar eta laztantsuak batzen ditu taldeak kantuetan, eta jendea dantzarako prestatuko du”.

Dientes de Luna 2008an eratu zen, eta Gernikako Iparragirre Rock Elkarteko kidea da. Egun, ondoko musikariek osatzen dute banda: Aimar Cid, ahotsa eta gitarrak; Amaiur Zugadi, ahotsak; Unai Bilbao, gitarrak; Gorka Etxeberria, gitarrak; Joseba Mugartegi, bateria eta Lander Egia, baxua.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button