LITERATURA

“Olatu arteko txalupa arraroa” errezitaldia, Gasteizen

Musika eta literatura uztartzen dituzte Joseba Sarrionandiak eta Ines Osinagak Olatu arteko txalupa arraroa izeneko errezitaldian. Gaur berton, Gasteizeko Santa Maria Katedralaren sarreran izango da ekitaldia, 20:00etatik aurrera.

Ikuskizunean entzuten diren poemak edota letrak, Joseba Sarrionandiak sortu zituen Kuban duela ia hamar urte. Horiei Gose taldeko Ines Osinagak musika jarri zien eta hortik sortu da poesia errezitaldi musikatua.

“Bidaia luzeko kantuak dira hauek, edo, hobeto esanda, kantuak dira bidaia. Duela ia hamar urte Joseba Sarrionandiak Habanan sortu zituen dozena bat testu, Atlantikoa zeharkatu eta Euskal Herrira heldu zirenak eskuz esku, konplizez konplize, sekretu bat konpartitzen dutenen artean sortzen den zirrara hori lagun. Amaia Apaolaza zegoen artean, bere hutsunea utzi zuen. Testuok gure eskuetara iritsi ziren eta guk kantu egin genituen. Habanan jaio eta Euskal Herrian hazi ziren kantuok tabako, ardo ta kanelaz. Orain, urteak pasa direla, eta gauzak aldatu direla, kamarada, idazle izoztua Euskal Herrian da, eta, kantuok hartu ditugu berriro esku artean.
Nola litzateke kontua letra eta kantua hurbiltzean? Zein da testu bakoitzaren atzean dagoen historia? Zer pasatu zitzaion katuari? Zer du Anak gogoan? Non daude banku atrakatzaileak? Baduzue sekretu handi eta marabillosoaren berri? Nortzuk gara normalak, nortzuk gara anormalak? Zer pasatu da Belengo portalean? Non dago gure askatasuna? Zer da bizitza, zer da maitasuna, zer da heriotza? Norena da errua? Ikusten da porturik?”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button