BERTSOTAN

“eRRe”, aldarri bat bertsoz

Haizea Aranak, Leire Vargasek, Aner Peritz Manterolak eta Oihana Aranak eRRe (Lanku) ikuskizuna aurkeztuko dute Durangoko San Agustin Kulturgunean, otsailaren 5ean.

Dramatizatutako bertso-paperek osatzen dute emanaldia, baina antzerkia, eta helduentzako ipuin- kontaketa eta poesia dira bertan agertuko diren beste elementuak. Genero-ikuspegia ardatz hartuta, hainbat gai aztertuko dira bertan, tartean, LGTB+ kolektiboak arauaren baitan hartzen duen lekua, gazte izatearekin lotutako zapalkuntzak, eta horiek bertsolaritzan hartzen duten forma.

Hamar piezak osatzen dute emanaldia, non hainbat galdera planteatzen diren, hala nola, “Zer da burua gorputzik gabe? Bizitza heriotzarik gabe? Zer da natura kulturarik gabe? Eta emakumea gizonik ez bada? Guztiak bi; bata beti bestearen muga eta definizio. Baina inoiz ez berdinetik berdinera. Erre ditzakegu kategoriak batak bestea erre beharrean?”

Jendartea, oro har, dikotomien edo binarismoen baitan antolatzen dela gauza jakina da; eta mundua bereizteko eta jendea sailkatzeko baliatzen diren etiketok eskaintzen duten markoa egokia izan daiteke norbere gorputza, eta baita bertsolaritza ere, zeharkatzen dituzten hainbat fenomenori buruz hausnartu eta sortzeko. Hortik abiatuta, aipatu dualismoetan hausturak proposatzen ditu eRRek, bertsolaritzaren, antzerkiaren, musikaren eta poesiaren arteko mugak lausotuz.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button