ARTEA

Arte Grafikoari Buruzko II. Jardunaldiak, Montehermoson

Azaroaren 19an eta 20an, Arte Grafikoari Buruzko II. Jardunaldiak egingo dira Gasteizko Montehermoso zentroan, Arte grafikoa museo eta bildumetan izenburupean, “hainbat proposamen grafiko gorde, zaindu eta ezagutarazten diharduten zenbait museo, artxibo eta erakundetara hurbilarazi asmoz”.

Bi egun horietan, jardunaldiei lotutako aurkezpenak egongo dira. Hala, asteazkenean, 19:00etatik aurrera, Gasteizko hainbat erakundetako funts grafikoak izango dituzte hizpide: Gasteizko Udal Artxiboko Atal Grafikoa, Antso Jakituna Fundazioa, EHUren Arabako Campuseko Koldo Mitxelena liburutegia, edo Fournier Arabako karta-museoa. Horretarako, erakunde horietako hainbat kidek hitzaldiak emango dituzte.

Ostegunean, eta antzeko formatuan, Gasteizkoak ez diren erakundeak izango dira protagonistak; tartean, Bilboko Arte Ederren Museoko arte grafikoaren bilduma eta Kantabriako Unibertsitateko arte grafikoaren bilduma. Bigarren egun horretan, gainera, funts digitalak ere aztertuko dituzte.

Aurkezpen horiekin batera, erakusketa bat ere abiatu da: Gasteizko Udalaren bildumako grabatu batzuk oinarri hartuta, Lauren Aliende (Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolako irakaslea), Julián Velasco eta Iker Ortiz de Záratek (arkitektoa) euren lanak paratu dituzte, teknologia berriak baliatuz: “3D inpresioa eta bi dimentsioko marrazketa erabili dituzte, x-y-z teknologiako inpresora eta plotterrak baliatuz”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button