BESTELAKOAK

Udaberriko euskal kultura, “Loraldian”

Euskara eta euskal kultura zabaltzeko loraldi berria izango da Bilbon apirilaren 23tik 26ra. Egun horietan, Bilbon Loraldia jaialdiaren kimu berria sortuko da, eta euskal kulturaren adierazpen guztien topaleku bilakatuko da.

Loraldian hainbat euskal kultur adierazpide elkartuko dira: musika, dantza, antzerkia, literatura, bertsolaritza, arte plastikoak, bidaiak…

Baina nondik sortu da Loraldia egiteko ideia? “Loraldia behinolako lore-jokoetan oinarritutako jaialdi bat da. Hortaz atzera egin beharko dugu, XIX. mendearen erdialderaino, hantxe Anton Abbadiak lore-jokoak abiarazi baitzituen, euskarari ospea emateko”, adierazi zuen Miren Josune Ariztondo Kulturako foru diputatuak.

“Egun hauetan Euskal Herria zeharkatzen ari den Korrikaren lekukoa eskuz esku doan moduan, Anton Abbadiaren lekuko hori hartu eta kultura garaikideari buruzko ekitaldi bat sortuko dugu Bilbon”, esan zuen Imanol Agirre jaialdiaren zuzendari teknikoak. Bilbotik Euskal Herrira eta Euskal Herritik Bilbora gauzatuko da, “Bilbon da Loraldia. Munduko modernitatearen ikurra. Euskararen historian aitzindaria. Gure Euskal Hiria. Euskarak Bilboko erdigunea hartuko du eta euskal kulturari bultzada emango diogu elkarlanean oinarritzen den egitasmoa honetan”, gehitu zuen Agirrek.

Hala, apirilaren 23tik 26ra, Kalakan, Aitor Mazo, Patxo Telleria, Etorkizuna Kontzeptuak, Jon Maia, Edorta Jimenez, Harkaitz Cano, Uxue Alberdi, Oihana Bartra, Gorka Benitez, Josu Goiko, Espaloian, Joseba Irazoki, Josu Martinez, Alberto Santana, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Metrokoadroka, Hutsa, Lurra, 22m2, Piztiak, Markeliñe, Kukai-Tanttaka, Mikel Markez, Eñaut Elorrieta, Etxepare Rap, Igelaren Banda, Mixel Etxekopar, Kultur Industria eta abar bilduko dira, udaberrian, Bilbon, eta euskal kulturaren sustapenean, berau transmititzeko eta ikusarazteko.

Non, zer eta non jakiteko, ekimenaren webgunera jo (laster batean martxan izango da).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button