ESZENA

Dantza eta txotxongilo ikuskizun harrigarria

Ferenc Fehér dantzari eta koreografo hungariarrak Morgan eta Freeman aurkeztuko du Arriagako Gelatxoan, gaur, 20:00etatik aurrera.

Morgan eta Freeman txotxongilo batekin egiten den dantza zoro samarra da. 35 zentimetro inguruko gizontxo bizia da protagonista, bost zentimetroko oinetakoak dituena. Freeman da, izaki basatia, ez oso atsegina, Morgan izorratuz gozatzen duena.

Lan ikusgarri honen egilea Ferenc Fehér da. Ospe handiko artista honen ikuskizunak mundu osoan ikusi dira, izan ere, azken hilabeteetan Austria, Brasil, Errumania, Frantzia, Italia eta Venezuela bisitatu ditu. Orain Bilbora heldu da, Arriaga Antzokira, eta bertan Morgan eta Freeman aurkeztuko du.

Arriaga Antzokiak helarazi digun oharrean hauxe irakurri dugu: “Ikuskizun honetan, Fehérrek dantza eta txotxongiloak erabiliz egiten dituen zenbait lan nahasten ditu. Dantzan oso mugimendu libreak eta arte martzialetako elementuak erabiltzen ditu. Emaitza harrigarria eta aztoragarria ere bada, aldi berean, oso atmosfera iluna sortzen duelako eta ikus-entzuleak isolamendu eta bakardade giroan murgiltzen dituelako. Baina, aldi berean, artistak kontrastea ere bilatzen du, zorroztasun kolpeen eta umorearen bitartez.”

Pieza harrigarri honek lehen saria lortu du duela gutxi Veszprémeko (Hungaria) Dantza Garaikide 16. Jaialdian. Ez da hori jaso duen sari bakarra, ACT Arriaga International Touring Prize-Be Festival 2013 saria ere jaso zuen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button