BESTELAKOAK

Bira kultur gunea, haurrentzat ere bai

Bilboko Bira Kultur guneak haurrentzako jarduerak ere hartuko ditu hil honetatik aurrera. Hala, ohiko Kultur programazio oparoari, umeentzako egitaraua ere gehitu zaio; esaterako, ostegunean, komuneko tutuekin animaliak egiteko tailerra izango da, 17:00etatik aurrera.

Haurrentzako beste hiru tailer izango dira azaroan: 15ean, zintzilikariak egiteko saioa; 22an, karetak, eta 29an, loreak eta lorontziak.

Ohiko ekitaldien harira, gaur bertan, musika emanaldia izango  da: Seisiún Kelta Collective-ren folk “saio librea”. Asteartean, halaber, eta Euskaraldiaren baitan, Harkaitz Cano Azken Aurreko Manifestua. Euskara 25 minututan ikasteko metodo azkarra izenburuko hitzaldia eskainiko du, 20:00etan.

Asteazkenean, goizez, 11:00etan hain justu, Betagarriko abeslari ohi Iñaki Ortiz de Villalbaren egitasmo berria aurkeztuko du, Modus Operandi, zeina Vendetta, Lauroba eta Izaro taldeetako kideekin abiatu duen.

Ostegunean, musika emanaldia izango da, 20:30ean: Jon Gurrutxaga & Urbil Artola, Gaztelupeko Hotsak zigiluak kaleratutako Kateak izenburuko lan berria aurkezteko. Emanaldi horren ostean, Sorginzoro DJ arituko da, 23:30ean: “Elkartasun doinuekin datorkigu gaueko sorginik zoroena. Entzun gaitzatela!”.

Aste honetako azken ekitaldia ostiralean izango da, Handpan (Hang) kontzertua eta jam session-a: “Javier Prieto musikariak musika-tresnako doinu bereziak ekarriko dizkigu”.

Hil honetan izango diren beste ekitaldi azpimarragarri batzuk hauexek dira: Birkit musikariaren kontzertua, hilak 16; Nizuri Tazuneri, “Astelehen Buruzuriak ekimenaren baitan, Euskaltzaindiak antolatuta. Rap bizi eta indartsua”, hilaren 19an; Bumaye!, Cabezafuego musikariaren eta Beatriz Sanchez performer-aren saioa; edo poesia eta antzerkia uztartzen dituen Autobiographikal ikuskizuna, “Eider Pérez eta Ane Zubeldiak munduko hainbat emakumeren poesiak dakartzate antzerki moldean”.

Egitarau osoaren berri izateko: bira.eu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button