ESZENA

“Ostera 2023; Plazara!” zirkuitoko azken geldialdia

Gorliz eta Urduliz zeharkatu ondoren, Etxebarriko udaletxeko plazan egingo du Ostera Plazara! zirkuito ibiltariak 2023ko azken geldialdia.

Aurtengo Ostera ekimena eskaintzen ari den 6 emanaldiko zirkuito ibiltariak Plazara! du izena, eta Gorliz eta Urduliz bisitatu ostean, asteburu honetan, Etxebarrin egingo du geldialdia.
Hortaz, larunbatean, Garazi Abraldes dantzariarekin batera, Ines Garcia Aspiazu Dj-a eta Maialen Belaustegi artista arituko dira oholtzan 19:00etatik 20:00ra bitartean. Ondoren, Kai Nakai musikariak kontzertua egingo du, arratsaldeko 20:00etan.

Igandean berriz, Zozongo taldearen Kolpez blai lanaren bidez kaleak girotuko dira eguerdi aldean, eta gero, Ez da Kasualitatea bertso-saio musikatua egongo da ikusgai. Bertan Miren Amuriza, Nerea Ibarzabal eta Uxue Alberdi arituko dira Maite Berriozabal gai-jartzailearen aginduetara. Musika Ixak Arruti eta Gari Otamendi musikariek jarriko dute.

Ez da kasualitatea saioko bertsolariak eta gai-jartzailea emakumezkoak izaten dira. Izenburuaren zergatia ondo ulertzen da protagonistek adierazitako ondoko lerroetan: “Hortik izenburua, oraindik, zoritxarrez, gizonezkoz osaturiko saioak baino ez baitira kasualitatez izaten. Denok emakumeak izate horretan nahitaez dago intentzio bat. Gure helburua noizbait halako saioak kasualitatez, urteko edozein egunetan eta pentsatu gabe ere irtetea litzateke, baina bitartean intentzio osoz antolatzen dugu Ez da kasualitatea: umorea, jolasa, gogoeta, emakumeon arteko konplizitatea, musika eta bertsoa uztartzen dituen saioa”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button