MUSIKA

Bilbo Handiko rockaren historiaren paperezko berpizkundea

Duela hamar urte argitaratu zuen Alvaro Heras-Gröh idazle eta rock zale amorratuak Lluvia, Hierro y Rock & Roll izenburuko liburua. Argitalpenak Bilbo Handian, 1958tik 2008ra, sortu eta garatutako rockaren nondik norakoak biltzen zituen. Liburua, hizkiz eta irudiz bikain hornitua, di-da agortu zen.

Bada, Alvarok liburu horren berrargitalpena aurkeztu du gaur goizean, hamargarren urteurrenaren harira. Liburua diseinu berriarekin dator, zuzendua, gaurkotua eta handitua, izan ere, 100 orrialde inguru gehiagorekin birsortu da, eta 600 irudi baino gehiagoz josita dago. Formatua, gainera, aurrekoa baino handiagoa da; hortaz, irudiok hobeto ikusteko aukera eskaintzen du: kartelak, kontzertuen sarrerak, fanzineen azalak, eta abar.

“Liburu-denda, banatzaile eta partikular askoren deiak jasotzen nituen liburua eskuratzeko asmoz, baina agortuta zegoen. Hala, hamargarren urtemuga dela-eta, berrargitaratzea pentsatu nuen, baina edukiari eta edukitzaileari buelta bat emanda”, azaldu du idazleak. Hala, liburua elkarrizketa gehiagorekin, prentsako artikulu gehiagorekin eta irudi gehiagorekin osatu du. “Lan handia egin dut material grafikoa lortzeko, orotara urtebeteko lana izan da, gaurkotzea eta diseinu berriarekin janztea”. Diseinuaz, hain justu, Bilboko Vudumedia estudioa arduratu da.

Liburua “objektutzat” hartu du Alvarok. “Frantzian eta herrialde anglosaxoietan egiten duten erara nahi izan dut berritu liburua, gurean, sarritan, ez baitira honelako liburuak behar bezala zaintzen”.

Horrekin batera, Alvarok 2018 urteari dagokion eranskin berri bat ere sartu du liburuan. Bertan, egungo Bilbo rockzalean parte hartzen duten pertsonaien hitzak jaso ditu. Eranskin horren harira, egungo eszena nola ikusten duen galdetu diogu: “Iraganeko bultzada edo irakinaldia faltan botatzen ditut, baina gaur egungo azpiegiturak oso onak dira, teknikari bikainak daude, musikariek oso ondo jotzen dute… Lehen baino zatikatuago dago guztia, baina gaitasun handiko jendea ari da gaur egun, eta proposamen interesgarriak aurkezten ari dira. Halere, dena lausotzen da, egungo gizartearen dinamiken ondorioz: sare sozialak, internet… barreiatuago dago dena. Orokorrean egoera oso ona da, eta kalitatea ikaragarria da”. Alvaroren ondoan zegoen Jerry Corral kontzertu promotore eta kazetariak ondokoa gehitu du: “Hainbat eszena bizi dira elkarrekin, baina ez dute elkar ukitzen”.

Aurkezpen festa

Jerry Corral, halaber, Izar&Star kontzertu zikloaren arduraduna ere bada, eta Alvarorekin elkarlanean, liburuaren argitalpena ospatzeko kontzertua ondu dute, Bilbo XX vs. Bilbao XXI izenburupean, 2019ko otsailaren 15ean, Bilboko Kafe Antzokian. Emanaldian gaur egungo zortzi taldek joko dute, bakoitzak hiru kantu eta horietatik bi gustuko dituzten iraganeko Bilboko eszenako taldeenak beharko dute izan. Talde hauek arituko dira: Cecilia Payne, Campamento Rumano, Rosebud, Unclose, Villapellejos, Señores, Moonshakers eta seguruenik Serpiente. “Helburua iraganeko zaleak eta gaurkoak batzea izango da, betiere Bilboko rockaren alde”, bai eta liburu mardul bezain aberats honen berrargitalpenaz gozatzeko ere.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button