BERTSOTAN

Arabako bertsolaritza astinduz

Joan den astean aurkeztu zen, Agurainen, 2014ko Arabako Bertso-kuadrilla artekoa. Esan genuen bezala, aurtengoa lehiarik gabe eta autogestionatua izango da. Kuadrilla Artekoaren izaera herrikoia bultzatzeko asmoz, bertsotan egitea, sortzea izango da helburua, eta ez bertsolariak plazaratzea. Auzolanean, lehiarik ezean eta izaera kolektibo eta herrikoian oinarrituta, otsailaren 1etik apirilaren 5era bitarte luzatuko da aurtengo edizioa. Bat-batekoan 15 eta idatzizkoan 21 talde arituko dira aurtengoan, denera 34 talde eta 300 lagun inguru.

Parte-hartzea sustatzeko asmoz, sailkapenik ez da izango, eta apirilaren 5eko azkeneko saioa ez da finala izango, topaketa bat baizik. Kuadrilla Artekoan arituko diren talde guztiek hartuko dute parte bertan. Bat-batean arituko diren taldeak autogestionatuak izango dira, eta talde bakoitzak erabakiko du zenbat saio antolatu nahi dituen eta saioak zein formatu izango duen. Beraien ardura izango da taldekideak eta baliabide teknikoak lortzea eta antolatzen dituzten saioen berri herrian edo eskualdean ematea.

Idatzizkoan, berriz, 19 taldek eman dute izena. Hainbat izaeratako talde dira: bertso-eskolak, gazte asanbladak, euskaltegiak…

Aurtengo Kuadrilla Artekoak 20 saio izango ditu. Urtarrilaren 18an egin da aurkezpen festa Agurainen. Otsailaren 1ean egingo da lehenengo saioa eta apirilaren 5ekoa izango da azkena.

Informazio guztia www.bertsozale.com/araba webgunean duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button