MUSIKA

Anestesiaren “Gorrotoaren Ahotsa” bueltan dator

Trashcore estiloko Anestesia banda zarauztarrak duela 25 urte plazaratutako Gorrotoaren Ahotsa (Esan Ozenki, 1993) izenburuko estreinako lan luzea berrargitaratuko du; aurretik bi maketa eta EP bat grabatu zituen. Bada, data berezi horren harira, taldeak iragarri du diskoa LP formatuan berrargitaratuko duela; egun, CDan baino ez dago eskuragarri. Taldeak, gainera, aurten 30. urteurrena betetzen du.

Horrekin batera, disko hartako kantuak gogorarazteko eta binilozko formatuan berrargitaratu dutela ospatzeko, dozena erdi kontzertu egingo dituzte Euskal Herrian; oraindik ez dute zehaztu non eta noiz.

Gorrotoaren Ahotsa diskoaren berrargitalpen berezi bat izango da, binilo formatuan, bermasterizatua, 180 gramoko biniloan eta diseinu moldaketa berri batekin. Eta hori guztia ospatzeko, mini-bira bat egingo dugu, 5-6 kontzertu Euskal Herriko zenbait tokitan. Kontzertu bereziak  horietan, disko hartako kantuak joko ditugu, gehi beste zerbait… Laster izango duzue gure berri!”, iragarri du taldeak bere Facebook webgunean.

Taldea eratu eta bost urtera grabatu zuen Anestesiak Gorrotoaren ahotsa, IZ estudioan, Kaki Arkarazoren gidaritzapean. Mikel Kazalis (gitarra), Imanol Beloki (bateria) eta Dani Aizpuruak (baxua) osatu zuten taldea, eta hiru musikari horiek grabatu zituzten lehen bi maketak, Anestesia cerebral eta Inmoralidad. 1991n, Toki berean EPa grabatu zuten, jada laukote osatuta, Alberto Suris Nil ahotsetan zela.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button