MUSIKA

Ama Say taldeak joko du “Aitzealdenk!” jaialdian

Gaur eta bihar, urriak 19 eta 20, Azpeitian Aitzealdenk! jaialdiaren bigarren edizioa egingo dute Sanagustin Kulturgunean. Orotara sei taldek joko dute, hiru taldek egun bakoitzean, hain zuzen ere. Nabarmentzekoa da Ama Say taldearen partaidetza. Izan ere, bizkaitarrek lantzean behin jotzen dute eta zaila da taldea agertokian ikustea. “Euskal Herrian behin baino ikusiko ez den Ama Say taldearen itzulera”, iragarri dute jaialdiaren arduradunek.

Enkarterrietako Ama Say bandak bihar joko du Irungo Lisabö seikote zaratatsuarekin batera. Irungoek Animalia Lotsatuen Putzua izenburuko azken grabazioa aurkezten jarraitzen dute. Oraintsu Andaluzian ere izan dira disko horretako kantuak jotzen. Bi emanaldi horien atzetik, Makala disko jartzaileak saio egingo du, aretoa dantzan jartzeko xedearekin. Zarauztarrak, gainera, Unexpected Tapas bere azken diskoko kantuak ere aurkeztuko ditu.

Gaurko kontzertuei dagokienez, MobyDick kantautore bizkaitarrak irekiko du emanaldia, eta gero dantzarako erritmo sendoak zabalduko dituzte Pasai Donibaneko Anai-arrebak eta Zestoako Grises taldeek. Bi banda horiek rock erritmo biziak eta giro elektronikoak uztartzen dituzte.

Emanaldiak 23:00etan hasiko dira. Bestelako xehetasun gehiago aitzealdenk.net webgunean kontsulta daitezke.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button