MUSIKA

Alberto Urretxo musikariak “Soinuaren Bidaia II” lana aurkeztu du

Soinuaren Bidaia Alberto Urretxo musikariak 2015ean hasitako proiektu musikala da. Gaur berton,  abentura haren bigarren alea aurkeztu du musikariak berak.

Alberto Urretxoren tronboia eta Soinuaren Bidaia Ensemblea dira protagonistak bigarren produkzio honetan, zeinak lagun askoren laguntzarekin eta crowdfunfing baten bidez argia ikusi duen.
Ekimenaren helburua gaur egungo gazte konposatzaile eta musikariak ezagutzera ematea da, izan ere “sorkuntza handia eta kalitate handiko musikagileak ditugu Euskal Herrian eta horiek musika maite duen jendeak ere ezagutu behar ditu. Eta horregatik esan behar da lana ez dela tronboiaren kontzertu bat, inondik inora”.

Lan honen bultzada aurrekoaren arrakastak ekarri du, izan ere, “35 kontzertu baino gehiago eman genituen lana aurkezteko eta horrek animatu gaitu bigarren parte bat ateratzeko orduan”, adierazi du Alberto Urretxok.

Hori dela eta lan berri honek G. Mahler, E. Moreno, J. Stephenson, H. Extremiana, Polentzi, Bartok, J. Martinez Campos edo H. Vieuxtemp konposatzaileen obrak biltzen ditu.
Gainera grabazioa eta kontzertuak egiteko orduan hainbat musikagile ospetsu bildu dira Alberto Urretxoren inguruan, hala nola, Spanish Brass metal boskotea, Garikoitz Mendizabal txistularia, Amaia Zipitria piano-jolea, Jone Martinez sopranoa, eta Catalin Bucataru, Iñigo Grimal, Adriana Grigoras, eta J. Martinez Campos soka kuartetoa.
Bertan ere Soinu magikoak egitasmoa ere gauzatzen da, euskal mitologia (Toti Martinez de Lezearen testu eta narrazioa) eta musika klasikoa uztartu nahian.

Alberto Urretxoren proposamen hau ohiko musikariaren ibilbidetik harago doa, eta proiektu globalagoa da, non musikagileak, musikariak, produktoreak eta diskoetxeak batzen diren egiten ari den musika berria -klasikoa eta modernoa, era berean- ezagutzera emateko xedez.

Ekimen musikala zertan den jakin nahi baduzue, larunbat honetan, azaroak 3, Bilboko Campos Eliseos antzokian  lanaren aurkezpena egingo dute doaneko kontzertu baten bidez. Hitzordua 19:30ean izango da.

Joan eta musikaz gozatu!

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ONARTU
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu