MUSIKA

Ainara Legardon eta Broken Brother Brass Banda, Elgoibarko “Sotoko Hotsak” egitarauan

Elgoibarko Sinuöse elkarteak bi emanaldi ondu ditu hil honetan, Sotoko Hotsak egitarauaren baitan: irailaren 21ean, Ainara Legardon musikaria kultur etxeko sotoan izango da, 23:00etatik aurrera, eta irailaren 22an, Broken Brother Brass Bandak kalejira egingo du eguerdian. Kalez kale ibili ostean, kontzertua emango du bandak kultur etxeko sotoan.

Ainara Legardonek (Bilbo, 1976)  iaz argitaratutako lan homonimoa aurkeztuko du Elgoibarren. Lan pertsonala da, rock erritmoak eta giro esperimentalak uztartzen dituena. Xabier Erkizia soinu-artistak ekoitzitako lana da, Berako Mik Estudioan. Legardonen seigarren diskoa da. Bere hitzetan, “estudiotik beste hizkuntza batean abesten atera naiz, bi bozgorailu gutxiagorekin, berreskuratutako bi gitarrarekin eta oihartzunetan oinarritutako mapara batekin. Izenburua bilatzea baino ez zait falta. Edo agian, ez”.

Rockean aritzeaz gain, performancearekin loturiko arloetan oso lan interesgarriak egin ditu Legardonek, baita inprobisazio eta musika esperimentalean ere. Egun, Mugako Festibalak abiatutako egonaldi artistikoan parte hartzen ari da, ikus-entzunezko egitasmo bat garatzeko xedez.

New Orleans hiriko brass band estiloko Broken Brothers Brass Bandek, berriz, Txertaketa izenburuko laugarren lana plazaratu du aurten, Errabal Jazz diskoetxearen bitartez. Askotariko estiloak biltzen dituen lan ederra da Txertaketa; gospel, rap, afrobeat eta funk, besteak beste.

Halere, jazz doinuak nagusitzen dira, esaterako, Dut taldearen Ezjakintasunaren kateak suntsitu doinuaren bertsioa egin dute, eta kantuak aurrera egin ahala, Miles Davis jazz musikari handiaren Jean Pierre doinuaren zertzeladak agertzen dira. Horretaz gainera, diskoa Agur Jaunak jazz zalearekin hasi eta amaitzen da.

Jazzarekin jarraituz, atmosfera epikoen zantzuak ere nabaritzen dira, Kamasi Washington estatubatuarrarenThe Epic lan hirukoitz ezagunean gertatu ohi den bezala. Horretarako, emakume ahotsak ere erabili ditu Broken Brothers Brass Bandek:  Nerea Erbiti, Terela Gradín eta Silvia Pérez de Ciriza. Saltsa hori guztia rap soinuetan aditu da den Moisés No Duerme teknikariak prestatu du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button