ARTEA

XXII. Nazioarteko Argazki Mostra, Zarautzen

 

Joan den astean, irailak 26, Zarautzeko Sanz-Enean, Zarauzko Argazkizale Elkarteak antolatutako Nazioarteko Argazki Mostra zabaldu zen. Bertan, lau argazkilari garaikideren irudiak ikusteko abagunea izango duzue, datorren urriaren 26ra bitartean: Ione Saizar, Llorens Herrera Altes, John Kimmich-Javier eta Roberto Botija.

Ione Saizar zarauztarrak The Suburbs Of A Secret izeneko seriea jarri du ikusgai.  “iPhonearen berehalakotasun fotografikoaren bitartez, giza harremanak eta sentimenduak aztertzen ditut, hiria eta gaua eszena modura erabilita, biak ala biak sentiberatasun berezi eta desberdinaren eta erabat garaikidearen motor bezala ikusten baititut”. Argazkilaritzan lizentziatu ondoren (2000, London College of Printing), Irudi eta Komunikazioaren Masterra egin zuen Londresen (2003, Goldsmiths College). Gaur egun proiektu pertsonal eta artistikoak uztartzen ditu freelance modura egiten duen kazetari lanarekin, Londresen (El País, El Mundo, Vocento, Expansión, Sunday Times…).

Llorens Herrera Altes egilearen ekoizpen fotografikoak ibilbide luzea izan du. Erreportaje gizatiarrak lantzen ditu eta horietan kaleko gertaeren lekukotzaren oihartzuna jasotzen da. Ondoren, irudi eta modeloetan oinarritutako sormenezko ikerketen esperientziak eta bukatzeko, naturaren munduarekin harreman intimoa bilatzeko lan-lerro osoa sortzen du.

John Kimmich-Javier AEBetakoa da, eta Zarautzera ekarri duen proiektua Moda Adierazpena: Stockholm izenekoa da. Harry Callahan-ek 1950eko hamarkadan Chicagoko kaleetan egindako argazkietan eta Garry Winogrand-ek 1970eko hamarkadan New Yorkeko kaleetan egindakoetan oinarrituz, kaleko argazkilaritzaren eta moda-argazkilaritzaren ikusizko hizkuntza darabil lan honek, begiratu etnografiko bat emateko bere buruaren kontzientzia izanik, eta bere irudia kontrolatuz arrakastatsu eta erakargarri ematea irrikatzen duen talde bati.

Azkenik, Roberto Botija bilbotarra dugu: “… Mandioetan, sukaldeetan edo leku ezkutuetan noizbehinka azaltzen diren objektu, kaxa eta tresnetan pentsatzen dut, zertarako diren inor azaltzeko gai ez den horietan. Argazkilaritzatik, batez ere, denbora jakin bat interesatzen zait: presente dagoen denbora, baina dagoeneko igarotzen ez dena. Azken finean, debora etena, still life. Eta existitzen diren gauzak ere interesatzen zaizkit, hor daudenak argazkilariak jarri egin dituelako, baina ez formaren nolakotasunagatik, baizik eta bere dentsitate sinbolikoagatik”.

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button