MUSIKA

Sustraiez Blai Jaialdiaren hamargarren edizioa Ordizian

Eguna eta jaialdia 19:00etan hasiko da, herriko Garagartza enparantzan, Acoustic Glorious taldearekin. Ez ohiko musika-tresnak jotzen dituen taldea da Acoustic Glorious, baina azpimarragarrienak, zalantzarik gabe, didgeridooa eta kora dira. Lehena, Australiatik datorkiguna eta bigarrena, berriz, Afrikatik. Bi kontinente hauek uztartu nahi izan dituzte taldea osatzen duten musikariek, musika originala, harrigarria bezain gustagarria egiteko ahaleginean.

Ondoren, Vaskandonbeando batukada-taldeak joko du, kaleetan zehar, eszenategi nagusira iritsi arte, esan bezala, Ordiziako herriko enparantza. Bilboko perkusio talde hau hamar danborrez eta bandera batez osatua dago. Konpartsa uruguaiarra da, candombe musika egiten duena. Uruguaiar musika estilo bat da candombe, afrikar erritmoak ditu oinarri eta Montevideon sortu zen, XVIII. Mendean, esklabutza-garaian, bertako biztanle afrikarrengandik.

Ekialdeko dantza eta tribuen dantzak lantzen dituen taldea da Dilshad, 2007. Urtean Donostialdean sortutakoa. Bere emanaldietan, ekialdeko eta tribuen dantzen lagin orokor bat eskaintzen du eta horretarako, hainbat osagai erabiltzen ditu hala nola, ezpatak, bastoiak, zetazko abanikoak, zutargiak, Isisen hegalak, melaiak, krotaloak, etab.

Luis Camino Donostian jaiotako perkusionista da. 1978an hasi zuen bere karrera artistikoa Izukaitz talde euskaldunarekin izen bereko diskoa grabatuz. 21 Japonesas taldearen sortzaile ere bada, J. Bengoetxea eta A. Beristainekin batera.

Dusminguet taldea desagertu ondoren jaio zen Joan Garriga buru duen La Troba Kung-Fú taldea(Bartzelona). Bi kontzeptuk egiten dute bat La Troba Kung-Fú taldean: alde batetik, trobak edo koblak eta bestetik, kung fu kontzeptua, txinatar kung-futik datorrena.
Azkenik, kantari, musikagile eta musika-tresna ugari jotzen dituen musikaria da Kilema. Madagaskarko Justin Vali Trio(1994-97) taldearekin lan egin zuen, Peter Gabriel (Womad eta Real World jaialdien sortzailea) ezagunaren eskutik.

Edonola ere, ez da hemen bukatuko egun horretako egitaraua. Izan ere, kontzertu nagusiaren ondoren, Txindoki tabernan Lord Sassafras DJ ezagunak musika jarriko baitu. Jorge Gayosoren ezizena da Lord Sassafras eta 30 urtetik gora daramatza musikari gisa lanean.

Sustraiez Blaik bidalita

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button