EZLEKUBAT

Ernesto Del Rio: “Teknologia digitalei esker, film bat egitea esperientzia intimoagoa da”

Ernesto Del Rio bilbotarrak zuzenduriko Valeria Descalza filma pantailaratuko dute gaur Bilbon (Golem), Gasteizen (Guridi eta Florida), Donostian (Principe), eta Iruñean (Golem). Filmaren gidoiaz Luis Eguiraun eta Xenia Rivery arduratu dira, eta Aitor Mazo eta Maiken Beitia dira aktore nagusietako bi.

Valeria Descalza pelikulak bi emakumeren, bi gizonen eta Descalza izenburuko kantuaren istorioa kontatzen du. Doinu horrek, izan ere, istorioaren kontu asko azalduko ditu. Kontakizunean irla bat eta hiru adin bilduko dira. Salvador (Ruben Breña) arkitekto zahar bat da eta bere alaba Valeria (Gabriela Griffith) berreskuratzearekin tematua dagoen. Valeria, aldiz, 20 urteko gaztea da eta abeslaria izan nahi du; oraina intentsitate handiz bizitzen ari da Nadia (Giselda Calero) laguna ondoan duelarik, aitaz, berriz, ez du ezer jaki nahi. Biak ala biak bi gazte habanar dira eta euren sexualitatearekin esperimentatzen ari dira. Raul (Aitor Mazo) eta Leonor (Maiken Beitia), halaber, krisi sakona pairatzen ari diren senar-emazteak dira. Gizonak Valeria ezagutu du eta ezin du burutik kendu.

Ernesto Del Rio filmaren zuzendariarekin solastatu gara filmaren xehetasun gehiago jakiteko.

Hamabost urte igaro dira zure azken filma egin zenuenetik, Hotel y domicilio. Nola ikusi duzu zure burua berriro ere zuzendari lanetan?

Hamabost urte eta gero, itzulera honen gauzarik interesgarriena izan da deskubritzea teknologia digitalei esker, film bat egitea esperientzia intimoagoa eta gertukoagoa dela.

Zergatik izan zinen horrenbeste denboraz zuzendu barik?

Film baten ekoizpena prozesu konplikatua da, batez ere, bere alde ekonomikoari dagokionez. Bestetik, norberak erabakitzen du film bat egitea istorio interesgarri batekin bere burua lotuta sentitzen duenean, eta istorio horretan sinesten duenean. Hori guztia une honetan gertatu da. Horregatik gauzatu da egitasmoa.

Nola sortu zen Valeria Descalza proiektu berria?

Hiru film luze zuzendu ondoren, zinera beste begirada batekin, eta orain arte erabili izan ez dudan estilo narratibo bisual batekin gerturatu nahi izan dut.

Sentimenduekin eta denborarekin loturik dagoen film bat da, eta Bilbon eta La Habana hirietan kokatua, biak ala biak nire bizitzaren zati garrantzitsua osatzen baitute.

Filmak lau pertsonen arteko adiskidetasun eta maitasun harremana jorratzen du drama eta komedia kutsuarekin. Bi genero film berean lantzea ez da gauza erraza izango, ezta?

Istorioa genero bietan dabil hara eta hona modu naturalean, bizitza bere ere ezagutzen ditugun genero zinematografiko guztien hibridoa baita. Zentzu horretan gidoia oinarrizko tresna da eta testuak laguntzen du film honek kontatzen duen bizi-pasioen itsaso ekaiztsuan nabigatzen.

Halaber, askotariko aktoreak daude, hainbat nazionalitatetakoak, belaunaldi ezberdinetakoak… aktore-zerrenda heterogeneo horrekin nola moldatu zara?

Aurretik entsegu gutxi egin behar izan dugu, antzezlan zuzena eta berehalakoa lortu nahi baikenuen, eta bai Bilboko aktoreak, bai La Habanakoak ondo egokitu dira antzezpen ildo horretara.

Nolako esperientzia izan da Kuban filmatzea? Arazorik izan al duzue? Garestia al da Kuban filmatzea?

Arte eta Industria Zinematografikoen Kubako Institutuarekin (ICAIC) eginiko koprodukzioa da. Filmazioa, zorionez, lasaitasun osoz gauzatu da; ez dugu inolako arazorik izan. Eguraldia gure alde izan genuen, alegia, beste faktore lagungarri bat izan da. Lantalderi dagokionez, mistoa izan zen: zati bat teknikari bilbotarrek osatzen zuten, eta bestea, aldiz, bertakoek. Ez zen inolako arazorik izan koprodukzio bat baitzen, kontrakoa. Kuban filmatzea beste toki batzuetan filmatzea baino merkeagoa da eta beste baldintza batzuetan egiten da, baina badu ere bere prezioa.

Bizi dugun krisi egoera aintzat hartuta, asko kostatu zaizu filma ekoiztea?

Film hau Low Cost da. Zinean eman ditudan hogeita hamar urte hauetan ikasi dudan gauza bat da baliabide ekonomikoak eta xede artistikoak egokitu egin behar direla. Kasu honetan, istorioa aurreikusitako aurrekontura egokitu zen.

Amaitzeko, zeintzuk dira zure itxaropenak filmari dagokionez?

Filmak ikusteko egiten dira, beraz, gustatuko litzaidake ahalik eta jende gehienak ikustea edozein euskarriren bitartez. Gaur estreinatuko da hainbat aretotan eta espero dut atzerrian bere merkataritza-bidea egitea, batez ere, mundu latinoamerikarrean, mundu horri zuzenduta baitago filma batik bat.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button