IKUS-ENTZUN

“Motz” ekimena bueltan da Guardetxean

Oporraldiaren ostean, bueltan dituzue berriz Guardetxean, Motz film laburren emanaldiak, eta hilero laburmetraiak aurkezten segituko dute bertan. Oraingoan lau laburmetrai ikusteko aukera izango da gaur, irailak 12an, 20:00etan.

Ruben Sainz-ek zuzenduriko Piensas (2012) izenekoa izango da gaur pantailaratuko den lehen lana. “Zure bikotearekin ongi eramateko lehen araua: inoiz ez duzu galdera hori egin behar. Agian ez zaude erantzunerako prest”.

Ingeniería Social (Ibon Gabellanes, 2013) filmean hauxe kontatzen zaigu: Iragan ez urrun batean, gizarte gastua murrizteko asmotan, gobernuak gizartearentzat erabilgarriak ez diren pertsonen sakrifizioa bultzatu nahi du. Pertsona sakrifikatuak (eskaleak, agureak, umezurtzak…) harategietan saltzen dira, janari bezala. Plácido harakin laguntzaileak hasten ari zaion Parkinson gaitza bere nagusiei ezkutatu nahi die.

Lara Izagirrek zuzendu du KEA (2012). Herriko fabrikaren zati enblematikoa botako dute gaur, tximinia. Felipek, Urdaitzek, Rociok eta Rafak modu desberdinetan biziko dute une hori, iraganak, orainak eta etorkizunak bat egiten duten unea, hain zuzen.

Eta azkenik, Amatxo (2012) filma ikusteko aukera ere egongo da. Iñaki Iñarra izan da zuzendaria, eta lan honetan amona Pilar-en bizitzaren zati bat kontatzen da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button