
Joan den astean, Rock & Nora formatu txikiko saio eder bat izan zen Bilboko Poza kalean dagoen Elkar liburu-dendan, irakurle eta entzuleengandik gertu, espazio txiki baina ederrean, liburuz inguratuta.
Irati Jimenez idazleak eta Petti musikariak Nora ez dakizun hori nobelaren inguruko ikus-entzunezko bat prestatu dute: Iratik bere testuen irakurketa egingo du, Pettiren musikarekin zuzenean. Bertan ere proiekzioak, atrezzoa lekua apaintzeko… guzti hori mitologiaz, banpiroez, likantropoez eta bestelako pertsonaia bitxiez hitz egiteko.
Saio honetaz eta Iratik ateratako Nora ez dakizun hori lan haren Nora gaztelaniazko bertsioaz izan gara mintzatzen.
Zer dela eta Nora ez dakizun hori itzultzeko gogoa hainbat urte iragan ostean?
Nora ez dakizun hori idatzi nuenean lagun batekin zorretan geratu nintzen. Batekin baino gehiagorekin, egia esan, mordotxo bat izan nituelako inspirazio iturri liburua idazteko. Baina honekin bereziki, beste gauza batzuen artean, bere eritasun bat “lapurtu” niolako eleberrirako. Bera ere, Rosa izeneko pertsonaia bezala, ikusmena galtzen ari zen nobela idazten nengoen bitartean. Eta bera ere, Rosa bezala, mundu ikuskera berezia duen pertsona da, dena ipuintzeko joera duena, nolabait esatearren. Asko maite dut, eta mingarria egiten zitzaidan bista galtzen hasi zenean irakurtzeari utzi izana. Liburuak entzuten saiatu zen baina ez zitzaion irakurtzeko modu hori gustatzen eta berak esan zidanean itzulita egotekotan nire liburua entzuteko ahalegina egingo zuela ba… itzuli egin nuen. Argitaratu eta urte hartan bertan, oker ez banago. Entzun zuen, poztu nintzen eta are pozgarriago: liburuak entzutera ohitu zen! Orain liburu entzule amorratua da. Pentsa ze opari polita niretzat.
Ariketa gogorra izan da? Berridatzi duzu istorioa?
Tira, gogorra esatea idazteari buruz ari garenean… gogorra meategiko lana, kar kar! Baina lana eman dit, bai. Neuk egindako lana berrikustea eta editatzea kostatu egiten zait, akatsak ageri-agerian ikusten dizkiodalako, eta itzuli ondoren, luzaroan izan nuen tiradera batean, editatzeko lan hori atzeratzearren. Baina momentu batetik aurrera absurdoa ere bazen, errusieraz edo italieraz egotea eta gaztelaniaz ez, itzulpena eginda zegoenean! Ttarttalo hasieratik agertu zen argiratzeko prest eta erraztasun guztiak jarri zizkidatenez aurrera egin nuen. Pozik, gainera, euskaraz ez dakiten edo irakurtzeko modurik ez duten lagunei azkenean oparitu ahal izan diet liburua eta oso pozgarria izan da. Zuzenketan lanetan izan ditut hurbileko pertsonak ere eta behin mesedea eskatuta, ia derrigortuta nengoen nekeak astintzera eta argitaratzeko egin behar diren lanak hartzera.
Berridazteari dagokionez, badago berridazketa lan bat, nolabait esatearren. Ez duzu zeure lana itzultzen beste egile batena itzultzen duzun moduan. Beste askatasun bat daukazu, eta askatasun hori erabili egin dut, gaztelaniaren berezko musikara hurbiltzeko, originalean euskararen doinuarekin egiten saiatu nintzen bezala. Aldaketa bortitzik egin gabe baina malgutasunez aritu naiz, hitza baino melodia delako garrantzitsuagoa niretzat idazten dudanean. Melodia horretan asmatzeak mugitzen ditu sarritan irakurlearen emozioak eta -batzuetan gehiago asmatuko dut beste batzuetan gutxiago- baina idazten dudanean emozio horiek dira buruan ditudanak.
Lan horrek arrasto berezia utzi du zure literatura-ibilbidean?
Egia da beste hizkuntza baten aritzeak asko irakasten duela, baina ariketa hori ohikoa da niretzat, lanagatik asko idazten baitut gaztelaniaz. Ez dakit itzulpen honek arrastorik utziko duen, diozun bezala. Nora eleberriak bai, utzi du, zalantzarik gabe. Neure gaitasunak trebatzeko orduan pauso handia izan zen, eta irakurleengandik izan dudan erantzuna harrigarria izan da, ahaztu ezingo dudan esperientzia.
NORA lanaren itzulpena aurkezteko errezitaldia egitea pentsatu duzu. Zer dela-eta? Ttarttalorena izan zen hasierako ideia. Prentsaurrekoen formulara gehiegi jotzen dugula, itzulpenei ez zaiela horrenbeste kasu egiten, ea ezer bururatzen zitzaigun… horrela hasi ginen eta elkarrizketa horri tiraka, ikuskizunarekin ideia otu zitzaidan. Egia esan, Petti izan zen gakoa. Mutil-lagunak bere izena proposatu zidanean argi ikusi nuen ikuskizunaren gidoia. Bere musika imajinatuta erraza zitzaidan ikuskizuntxo bat prestatzea. Ea emaitza!
Euskarazko bertsioarekin gauza bera egin duzu inoiz?
Ez. Baina irakurle talde askotan egon naiz euskarazkoarekin, Euskal Herri osoan zehar. Eta Euskal Idazleen Elkarteak daukan Idazleak Ikastetxeetan programari esker hainbat eskoletan ere bai. Inoiz ez diot liburu honi buruz hitz egiteari utzi, egia esan, beti eduki du beste batzuek baino “eszenifikazio” maila handiagoa, eta horrek neure baitan ere beste liburu batzuk baino biziago mantendu du.
Petti gonbidatu duzu honetarako. Musika liburuaren barrukoarekin bat etorriko da?
Guztiz! Liburuak badu halako soinu banda melankoliko bat, oso 1970eko hamarkadakoa. Tom Waits aipatzen da, Nick Cave, Bruce Springsteen… eta estilo horren gure ordezkaria Petti da nire ustez eta zalantzarik gabe. Petti barrukoarekin bat dator, beraz, eta ziur barrukoa hobetu egiten duela gainera. Zer esanik ez, niretzat sekulako plazera da bere musika nire hitzekin ezkontzeko aukera ezohiko hau.
Errezitaldia hainbat txokotan egiteko asmoa duzu?
Momentuz, Bilbon egingo dugu, eta datorren astean, azaroaren 26an, Iruñean. Hortik aurrera… ikusiko dugu! Jendearen erantzuna ona bada, eta gustuko badute, Petti eta biok errepikatzeko prest gaude. Baina esandakoa, momentuz, ea lehen biak nola doazen! Inoiz formatu honetan ibili gabea naiz, eta ikusiko dugu asmatzen dudan. Azken hitza ikusleek izango dute. Gonbidatuta daude etortzera eta ahal dela, gozatzera.