
Uribe Kosta eskualdeko taldea da The Great Barrier, eta iaz Bilbo Hiria Lehiaketako sari nagusia irabazi zuen pop-rock atalean. Seikotea hainbat taldetan arituriko ondoko musikariek osatzen dute: Aitziber Omagogeaskoa (ahots nagusia, mandolina, gitarra akustikoa); Iñigo Larrazabal (gitarra elektrikoa, koruak); Alvaro Barriuso (gitarra elektrikoa eta akustikoa); Arkaitz San Martin (baxua); Maria C. Guillen (teklatua, koruak, perkusioa); eta, azkenik, Claudio Pavan (bateria, perkusioa).
Banda handi hau duela bi urte inguru eratu zen, taldekideen arteko adiskidetasunaren bidetik. Taldearen musikari dagokionez, pop eta folk estiloak jorratzen dituzte talde indie-n erara, The Arcade Fire, Russian Red edo herrikide dituzten McEnroe alderatu daitezke. Taldearekin jarri gara harremanetan
Taldea berria izanda nola hartu duzue Bilbo Hiria Pop Rock Lehiaketa saria irabaztea? Horrelakorik espero zenuten?
Sorpresa handia izan da saria irabaztea. Egia da talde berria garela, bi urte besterik ez daramagu, eta ez genuen horrelakorik espero. Gainera, irabazten dugun lehenengo saria da. Pasa den urtean, Madril Hiria lehiaketan egon ginen baina ez genuen gauza handirik lortu. Hala ere, esan beharra dago, Bilbo Hiria lehiaketa Madril Hiria lehiaketa baino askoz hobea dela, ez dauka zerikusirik.
Sari horrek ezer aldatu al du taldearen norabidea?
Ez. Hasiera batean genituen taldearen norabidearen ikuspuntu berdinak dira. Egia da, saria irabazteak motibatu gaituela, lehen esan bezala, ez baikenuen espero. Oso gogotsu hasi dugu urte berria!!! Kar, kar!

Kontaiguzue nondik datorren taldea?
Talde desberdinetatik etorritako musikariak gara (Nun, Alljazzera eta Luppulo). The Great Barrier sortu genuen lagunak ginelako. Aspaldi ezagutzen dugu elkar.
Zuen bancamp-ean entzungai dagoen EP hori, zuen grabazio bakarra da? Nolakoa izan zen grabazioa?
Bai. Grabazio bakarra da. Pan-Pot estudioetan grabatu genuen, bi egunetan. Nahiz eta
denbora gutxi izan grabatzeko soinuarekin gustura geratu ginen.
Kantuak oso jantziak daude, konponketa asko, instrumentu asko… Hori guztia kantuetan gehitzea lan al zaila da? Lan asko egiten duzue lokalean?
Lana zaila da. Batez ere, adosteko momentuan, taldean sei gara-eta. Guztion artean,
hasierako ideia batetik garatzen ditugu abestien konposaketak. Gure abestietan, ahotsaren melodia instrumentuekin bateratzen dugu. Azken finean, gure ustez, melodia da garrantzitsuena abestian.
Horren harira, kantuak zuzenekoetan asko aldatzen dira?
Ez. Gure helburu nagusia diskoa eszenatoki gainean islatzea izan da. Hala ere, zuzenekoetan indar handiago hartzen dituzte abestiek.

Bilbo Hiria sariari esker gehiago jotzen ari zarete?
Bai. Argi dagoena da Bilbo Hiria lehiaketa irabazteak ateak zabaldu dizkigula. Azken bi
hilabete hauetan hainbat kontzertu proposatu digute eta baditugu jotzekoak.
Suposatzen dugu hurrengo pausua iraupen luzeko diskoa grabatzea dela. Disko hori prestatzen ari zarete?
Bai. Momentu honetan horretan ari gara lokalean, abesti berriak sortzen, baina oraindik lana dugu jorratzeko. Gure helburua ez da ahalik eta arinen grabatzea, baizik eta abesti onak eta landuak egitea. Gutxienez gu “zapore onarekin” geratzea.
Nolako izango da eta noiz entzungo dugu?
Hori gure sekretua da. Kar, kar! Agian laster entzungo duzue. Batek daki!



