EZLEKUBAT

Poliesterraren maisua

Mende erdi betetzeko ez zaio askorik falta, gaztea oraindik, adin kosmikoari erreparatuz. Itsasoari begira bizi da, Bakioko mahatsondoei lepoa emanda eta kresala metatzen zaio begi ertzetako zimurretan. Olatuak amesten ditu, zamalkatu, ur-hodiek eragindako autobide galkorren bilaketa etengabean ez du atsedenik hartzen. Itsasoa maite du, laguna du, bazkidea.

Prestige-ko hondamendiak eragindako marea beltza bere etxe ondoko haitzetara heldu zenean, depresio existentzial batek lagundu zion hondartza garbitzeko ahaleginean. Itsasoan irristatzeak zoriontsu egiten du eta, gaztetatik, plazer bilaketa hori gauzatzeko lanean aritu da, eskuekin, irudimenarekin… gaur, estatuko surf oholak egiten dituen artisau bakarrenetarikoa dugu Jupa (Jupa Shapes). Juan Pablo izatez, laburdura xelebre hori, ofizial bilakatu zaion arren. Jupa harentzat, Jupa guretzat baita zuretzat ere.

Abenturazalea, berritsua, irribarretsua, ausarta, jenio bizikoa, baina, gauza guztien gainetik… artisaua, poliesterraren maisua.

Non eta nola hasten da maitasunezko istorio hau?

Hamalau edo hamabost urte izango nituen. Plentziako arrapala gogoratzen dut, bertan zebilen nire osabaren lagun bat, bere txalupan konponketa lanak egiten. Zuntz sintetikoa eta poliesterra zituen esku artean eta erraza iruditu zitzaidan haiek manipulatzea. Horrela, lagun batek bere etxeko garajean botata zuen ohol zatitua konpontzea erabaki nuen. Orduan ez nuen nik beira-zuntzik ezagutzen eta ohiko bendak erabili nituen, poliester erretxinarekin gogor eta sendo mantentzen zen etxeko materiala. Titanlux-ekin pintatu nuen ondoren eta tipo bati saldu nion 1.500 pezetaren truke. Eta begira nolakoak diren kontuak, diru harekin nire lehenbiziko surf ohola erosi nuen.

Lehenbizikoak eskuetatik alde egitean ez zen zure zaletasun berri hori bertan behera gelditu…

Ez, bada, bitxia da kontatuko dizudana , baina horrela gertatu zen. Garai hartan tipo bat ezagutu nuen, Alberto zuen izena. Tipo haren aitak isolamendu-lantegi bat zuen, bertan hozkailuak egiten zituzten eta poliuretanozko plaka handiak. Noski, plaka haiek foam-aren muina zirela konturatu ginen Kike Panera laguna eta biok.

Kikeren lagun bati esker Bilboko alde zaharreko etxebizitza batean hasi ginen surf oholak egiten. Auzokide haiena bai pazientzia. Plaka hartu eta lagun baten surf ohola erabili genuen eredu gisa, marraztu, moztu… orduak eman genituen arbasketa lanetan. Erandion erositako zuntz eta poliesterra erabili genituen oholari sendotasun puntu hori emateko eta horrela sortu zen lehenbiziko ohola. Hori bai, zazpi edo zortzi kiloko trastetzarra.

Egia al da Mundakako olatua dastatzera etorritako Kaliforniako tipo batek erakutsi zizula oholak shapeatzen?

Halaxe da bai, tipo hura fina zen benetan, trebea, mainatsua eta surf oholak egiten zekien. Frantzian erositako egiazko foama lortu eta hark erakutsi zidan shapeatzen.  Bill zuen izena, Bill Kaczmarek, atsegina zen tipoa benetan, bere birramona Suancesekoa omen zen, Mundakara etorri zen egun pare baterako eta sei hilabete gelditu zen gure artean. Garai hartan Diego Sarmientok egiten zituen oholak hemen, Pukas hasiberria zen. 1981. urtean hasi nintzen lanari serio ekiten Kike lagunarekin, Deustuko lokal batean, geroago Styling izango zena.

Eta shapeatzeko teknika hobetu asmoz Hawaira joatea erabaki zenuen…

Garai hartan erabiltzen nuen autoa eta egindako suf ohol guztiak saldu ondoren, Hawaiira joatea erabaki nuen, nire teknika hobetzeko asmoz. Ama harrituta utzi nuen, hark uste zuen berehala bueltatuko nintzela eskuak hanka tartean, baina bost hilabetez gelditu nintzen bertan. Lauzpabost lantegitan egin nuen lan eta bertan ikasi nuen ikasi beharreko guztia… olatuak, egiazko surfa eta egiazko oholen manufaktura.

Baina bueltatu zinen…

Dirua aurreztu nuen Hawaiin eta bueltatzean Borja Romerok surf oholak egiteko proposamena luzatu zidan. Busturian zuen abeletxea tailer bihurtu genuen eta Natura markako oholak egiten hasi ginen. Urte bikainak igaro nituen bertan, laurehun ohol baino gehiago egin genituen garai hartan… itzela! Mundakako olatuak ordu laurdenera izatea ordainezina zen.

Baina handik gutxira,  hegoaldera joateko erabakia hartu nuen, Cadizera, hain zuzen. Bi hiru aldiz jaisten nintzen urtero bertara eta egonaldi bakoitzean 60 surf ohol egiten nituen.

 Baina ez zinen konforme eta Kanariar irletako unibertsoa ezugutu behar…

Kanariasetik kasik ez naiz bueltatzen. Windsurfeko oholak konpontzen zituen denda batean egiten nuen lan, asteazkenetan soilik. Bikain kobratzen zen garai hartan. Egun bakarreko soldataz (32.000 pezeta) aste guztia libratzen nuen. Ez naiz inoiz diruzalea izan eta gainontzeko egunak arrantzan edo surfean ematen nituen. Garai apartak.

Eta gaur zer du Jupak… zer da Jupa Shapes?

Jupa Shapes ikusten duzun tailertxo hau da, Hawaiiar estiloko aretoa, glass-gela, shapeatzeko beste gela txiki bat eta gauza gutxi gehiago. Lakatua kalean bertan burutzen dut, zelaian, primitiboa erabat. Hemen askea naiz, nahi dudanean etorri eta lana badut.

Zer nolako ezaugarriak dituzte zure surf oholek?

Aldez aurretik prozesu guztia nik neuk egiten dudala argitu behar dut, Euskal Herrian bakarra naiz. Itxura eman, poliester ijezketa burutu, leundu, margotu, gilak jarri, ni naiz enpresako komertziala, banatzailea, materiala bilatzen duena… bakar bakarrik egiten dut lan.

Surf oholei dagokienez, bi kantaleko bolumen handiko oholak egiten ditut, surf ohol estuak. Itxura horri esker ohol txikiagoak erabili ditzakezu olatu handiagoetan.

Bakioko gasolindegiari itsatsita du bere gotorlekua Jupak egun, eukaliptoz inguratuta, haien fruituen eta 92 oktanoko gasolinaren lurrun artean, ez dakigu noiz arte baina. Galizian, Asturiasen, Kantabrian, Kanariar irletan, Andaluzian eta Hawaiin izan ditu ere, horren erakusgarri landu dituen 5000 inguru surf ohol.

 Badira bizitza lokatzezko bide bat dela uste dutenak, badira ere galipotari errua leporatzen diotenak. Juparen bidea bestelakoa da, akuatikoa, ozeanoa bezain mugagabea eta alprojak badaki nola zeharkatu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button