MUSIKA

“Bereterretchen oinatzak” diskoa aurkeztu dute

Khantoriak izeneko taldeak ikerketa handia egin du IV. mendeko musikatik hasita gaurko egunera artekoan, eta batez ere Erdi Aroko musika estilo horretan murgilduta Bereterretchen oinatzak izeneko lana plazaratu du, egindako lan guztiaren emaitza eta ardatz. Lan horretan euskal tradizioan erroturik dauden kanta ezagunak topatuko dituzue, baina horretaz gain, Erdi Aroko beste pieza ezezagunago batzuk.

Gaur bertan egindako aurkezpenean, disko honetan entzungo denaren lagin bat erakutsi dute Ander Berrojalbiz eta Maider Lopez musikari bikoteak.

Erdi aroan agertzen hasi zen Bereterretchen Khantoria gure herrian oraindik abesten den kantarik zaharrenetarikoa da, “baina, kanta honen lehenengo bertsoaren melodia IV. mendean entzuten zen, toki ezberdinetan, eta gero, ahoz ahoko tradizioan birmoldatu zen gaurko egunera arte helduz” aipatu du Ander Berrojalbizek. “Hau da berriki prestatu dugun Bereterretchen oinatzak lanak sostengatzen duen tesia.”


Lan hau, 2011ko azaroan grabatu zen eta datorren otsailaren 11n, bihar, Durangoko Kurutze Santu Museoan, 19:00etan, aurkeztuko dute kontzertu-hitzaldi baten bitartez.
Lan hau ez da modu komertzialean zabalduko; kontzertuen ostean, entzuleak bertan eskuratu ahalko du kontzertuan entzundakoaren eredu gisan.

Ekimenaren blogean irakur daitekeenez, “Khantoria, Europako musika-eskola entzutetsuenetan trebatu eta Erdi Aroko musikatik XXI. mendeko elektroakustikarainoko interpretazio esparruak barne hartzen dituzten musika taldeekin lan egin ondoren, hiru musikarik beraien ikerketak, intuizioak eta esperientziak agertzeko sorturiko askatasun esparrua da, Khantoriaren kontzertu, hitzaldi eta grabazioek beti inor indiferente utziko duen balio erantsi bat erakusten dutelarik”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button